GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | Ibilaldia 2013

Eguzkia lagun, Portugaleteko aldatsak leundu dituzte milaka euskaltzalek

Bizkaia zubi erraldoiaren begiradapean, milaka eta milaka euskaltzalek hartu zuten Portugaleteko herria, aurtengo Ibilaldia ospatzeko. Euriaren mehatxutik salbu, gune ezberdinetako ekimen eta kontzertuez ederki gozatu zuten gazte, nagusi eta familiek.

p002_f01.jpg

Mikel PASTOR

Urte honetako lehendabiziko bost hilabeteetan egiaztatu ahal izan dugunez, eguzkia eta tenperatura goxoak ez dira Euskal Herriaren lagun. Hala izanda ere, euskara maite dutela ondorioztatu beharko dugu, hilabeteotan hotza eta giro narrasa temati agertu eta gero, eguraldiak Ibilaldia ospatzeko giro ezin hobea eskaini zielako Portugaletera gerturatu ziren milaka eta milaka euskaltzaleei.

Goiz-goizetik heldu ziren bisitariak Ibaizabalen Ezkerraldera. Portugalete ondo komunikatuta egoteak lana izugarri erraztu zuen eta jende andana metroz edota trenez gerturatu zen. Gaztetxo asko, egunerako «litronan» azken nahasketak eginez. Zenbait familia, seme-alabei kontuz ibiltzeko esanez, galtzeko arriskuaz ohartaraziz. Bikote heldu ugari ere gerturatu ziren Ibilaldira, eguzkitarako krema eta guzti.

Edozein kale kantoira edo plaza txikira jota, giro itzela zen. Ibilbideko gune gehienak laster bete ziren, baita Portugaleteko alde zaharreko kale estuak, bereziki Coscojales famatua.

Ausartenak 7,4 kilometroko bide osoa egitera animatu ziren, baina gehienak beren giroa, beren gunea aurkitzen saiatu ziren. Ohikoa den bezala, «zenbat buru, hainbat aburu» izaten da, eta gune ezberdinak adinaren arabera banatu ziren.

Horrela, Asti Leku ikastolaren inguruan ehunka familia bildu ziren, umeentzat magnetismo berezia duen Irrien Lagunak ikusteko. Beti bezala, Pirritx, Porrotx eta beste pailazoek gazteenen aurpegiak egun osorako alaitu zituzten.

Jaia ez zen Portugaletera mugatu. Asti Lekuko ikasle ugari inguruko herrietakoak direla kontuan izanda, antolakuntzak jaiaren parte bihurtu nahi izan zituen Santurtzi eta Sestao, horietan gune bana jarriz.

Santurtzikoan, portuak, itsasoak, pisu handia hartu zuen. Egun osoan zehar sardina-jana izan zen bisitari guztientzat tiket gutxiren truke. Era berean, «Sotera», herriko traineruak, Portugaleteko «Jarrilera» traineruarekin batera Ibaizabaleko ur garbiak zeharkatu zituen, bildutakoen gozamenerako.

Sestaoko gunean, ordea, giroa guztiz bestelakoa zen. Nerabeak nagusi eta hormonak dantzan. Beste guneetan ez bezala, euskaraz hitz gutxi, eta zainetan gordetako alkohola, lar. Zoritxarrez, Ibilaldira eta antzeko jaietara gerturatzen den gazteriaren gehiengo handi batek horrelako ospakizunen helburua zein den ahaztu samar du azken urteotan. Hausnarketa sakonerako gaia badute hor.

Baina festaren muina, dudarik gabe, Bizkaia Zubiaren inguruan bildu zen. Eloi-Alai taldeko txistulariak dantzan jarri zituzten plazara gerturatu zirenak. Larrain-dantza eta maisu-dantza gogo biziz dantzatu ziren plaza osoan, batzuen trebezia (edo honen falta) agerian utziz. Bitartean, gunearen beste aldean gazteentzako kontzertuak gainezka zeuden. Agertokitik Herri Oihua, Makabi eta Zarama talde «mitikoa» pasatu ziren goizean zehar. Eguerdia ongi pasata, Gatibuk hartu zuen lekukoa. Gazteak zoratuta, gorputzak ondo berotuta, eta Alex Sardui bere saltsan. Epilogo bikaina jarri zuten betiko abesti erakargarriekin.

Bizitasuna nonahi

Halere, ez litzateke egokia izango Ibilaldia bezalako ekimen orokor eta zabal bat gune zehatz batzuetara mugatzea. Euskarak, euskaltzaleek, Ezkerraldeko herria oso-osorik hartu zuten. Alde zaharreko aldats gogorretatik Sestaoko industriagunera, Floridako parke ederretik Santurtziko itsasontzi zaharretara, Ezkerraldean horren beharrezkoa den milaka euskal mihiren ziztada eztitsua jaso zuen atzo Portugaleteko herriak.

Atzo gertatutako guztia, halere, ezinezkoa litzateke urtebete luzean zehar, azken asteetan, eta bereziki, atzoko ordu luzeetan zehar buru-belarri aritu diren ehunka antolatzaile eta boluntarioen laguntzarik gabe. Errepideari begira ematen diren ordu galduak, jende andana kontzertuetara bideratzen, besteek ondo pasatzen duten bitartean toki zehatz bat zaintzea... Horrelakoak bizi izan dituztenek badakite zertaz ari garen. Atzo, ondo baino hobeto funtzionatu zuen guztiak, eta izan ziren arazo txikiek berehalako erantzuna jaso zuten.

Aipatutako boluntarioetako bat da Aitzol. Bere txandaren hirugarren orduan harrapatu dugu. Nekea begiradan, baina aldarte onean: «Egia da gogorra dela, baina hainbeste lagun euskararen aldeko jai batean ikustea... Merezi du, gustura egiten dugun sakrifizioa da gaurkoa».

Amaiak tiketak diruaren truke aldatzen darama goiz osoa. Izerditan blai, atsedenaldi txikia baliatu du gurekin hitz egiteko: «Izugarria da etorri den jendetza. Egia esan behar badizut, sekulako beldurra izan dugu astetan zehar, egin duen eguraldi nazkante honegatik. Azkenean, zorionez, eguzkia portatu egin da, eta egun polita izan dugu. Erdi zoratuta gaude txanponak eta billeteak aldatzen, baina merezi du».

Antolakuntzak publiko egindako balorazioa ildo berekoa zen. Aipatu zutenez, «udaberriko lehen egun zoragarri honetan Ibilaldiak urte osoan egindako lanei bukaera ezin hobea eman die. Giro aparta izan da egun osoan, eta antolatutako ekintza guztiak burutu dira». Zentzu horretan, «arrakastatsutzat» jo zuten Ibilaldiaren aurtengo edizioa. «Aho betez esan dezakegu gure aurreikuspenak bete egin direla. Garraio publikoak oso ondo funtzionatu du egun osoan zehar, eta espero zen bezala, jende gehiena metroz hurbildu da». Antolatzaileek Sestao eta Santurtzi bildu nahi izan zituzten jaiaren barnean, Ezkerraldeko herrien jai kolektiboa bilakatuz.

Omenaldia, industriari

Urtero bezala, Ibilaldiko antolatzaileek omenaldia egin zieten euskararen alde lan egiteagatik nabarmendu diren talde edo norbanakoei. Aurtengo edizioan, Ezkerraldeko eguneroko bizitzarekin horren lotura berezia duen industria saritu nahi izan zuten.

Bide horretan, Uzei terminologia eta lexikografia zentroko kide Jon Etxabek, Kontseiluko Paul Bilbaok, Euskalit enpresako Mikel Ugaldek, Elai enpresak eta Adrian Zelaia euskaltzalearen bilobak saria eta errekonozimendua jaso zuten.

Antolatzaileek azpimarratu zutenez, industrietan, enpresetan euskaraz aritzeak «gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, gure produktuei, gure proiektuei, sendotasuna, identitatea ematen die». Zentzu horretan, euskara euskal produktuei erants dakiekeen «balio kulturala» dela esan zuten.

Ekitaldia ixteko, lekuko aldaketa egin zuten. Jose Felix Ruiz, Asti Lekuko zuzendariak, Nagore Iturbe, Seber Altubeko zuzendariari, eman zion testigua. Hortaz, Gernikak hartuko du 2014ko Ibilaldiaren ardura.

 

GREBA OROKORRAREN ALDE

Datorren ostegunerako euskal sindikatuek deitutako greba oso presente izan zen atzoko egunean. Eragile sindikal eta politikoen ordezkariak ibilbide osoan aritu ziren eskuorriak banatzen, eta Portugaleteko kale ugaritan ikusten ziren grebaren eta langile borrokaren aldeko pankartak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo