HILBERRIA | JOSEBA KANPO
Joseba Kanpo, AEK modernizatu zuten euskaltzaleetako bat
Jaiotza data eta lekua: 1955ean, Bilbon. Hala ere, otxandioartzat zuen bere burua, herri horretan bizi izan baitzen eta hangoa baitzuen sendia. > Euskara: Lehenengo Korrika antolatu zuen talde hartako partaide izan zen, eta ondorengoetan ere sustatzaile garrantzitsua izan zen. > Omenaldia: AEKri eta Korrikari egindako ekarpena zela-eta, omenaldia egin zioten euskararen aldeko lasterketaren azken edizioan. Gainera, Kanpok eta Urtsa Erraztik 2.015. kilometroan lekukoa eraman zuten Erromon. > Jaia eta musika: Bilboko Txomin Barullo konpartsaren sortzaileetakoa, oso musikazalea zen Kanpo: Itzubaltzetako fanfarrean aritu zen.
Alvaro HILARIO
Agur esan digu Joseba Kanpo euskaltzaleak. Euskaltzalea ez ezik, musikan eta politikan ere aritu zen, arlo guztietan bere marka laga zuelarik.
Bilbon jaioa bazen ere, Joseba Kanpok Otxandio izan zuen betidanik benetako sorterria, eta otxandiartzat jotzen zuen bere burua. Hala ere, urteak izan ziren Erromon bizi izan zela.
Joseba genuen Korrika heltzerakoan zapatilak janzten zituzteneko bat. Izan ere, euskararen aldeko lasterketa berezi hau sortu zuen batzordea osatu zuten kideetako bat zen: «80ko hamarkadan hainbeste diru oso denbora gutxian lortu beharra zenean, hainbat gauza, hainbat ekimen, aipatu ziren eta Joseba Kanpo bazegoen Korrika aterako zuen batzordearen baitan. Ez nuke esango Korrikaren sortzailea izan zenik, esango nuke talde horretako partaideetako bat zela, berarekin batean zeregin hartan beste batzuk egon baitziren. Dena dela, zentzu horretan, oso inportantea izan zen Korrikaren sorreran», azaldu du Josebarekin horrenbeste ordu eman eta horrenbeste lan egin duen Edurne Brouardek.
1980ko azaroaren 29an eta «Zuk ere esan bai euskarari» lemapean irten zen lehenengo aldiz Korrikaren lekukoa Oñatiko unibertsitate historikoko atetik, bederatzi egun beranduago Bilbora heltzeko.
Urtsa Erraztik, batzorde hartako partaide eta Joseba Kanporen lagun minak, honela azaldu zion GARAri, 2007an, asmakizunaren hasiera: «Korrika-ren sorrerarena ia topiko bat da. Afari batean sortu zen. Premia zegoen dirua biltzeko eta, bestalde, euskararen egoera nahiko larria zenez, zerbait egin behar zela pentsatu zuen AEK-k. Ibilaldia eredutzat hartuz, pentsatu genuen Euskal Herri osoan barna egitea, eta oinez egin beharrean korrika egitea. Horrela sortu zela esan daiteke. Talde batean hiru edo lau hilabete lanean generamatzan zerbait aurkitu nahian, eta hori prozesu baten azkena izan zen. Ideia pila egon zen eta azkenean hori garatu zen».
Elkarrizketa hartan Josebak ere hartu zuen parte; hona hemen berak egindako Korrikaren garapenaren gaineko azalpena: «Lehen Korrika guretzat ere sorpresa handi bat izan zen. Guk arrakasta izatea espero genuen, baina lehen Korrika-k berak arrakasta itzela izan zuen. Nik uste dut ideian bertan dagoela arrakastaren parte bat. Ideia polita da, zerbait dator, hartzen duzu eta jarraitzen du: bukatzen ez den zerbait delako sentimendua, zerbait bizia delakoa. Ez dakit zergatik den, baina egia esan, oraingo arrakasta izango zenik, pentsatu ere ez. Eta beste gauza bat. Ez zen ideia biribil bat izan, azkenean iniziatiba herriari utzi zitzaion eta herriz herri joan zen Korrika betetzen. Gaur egun ezagutzen dugun Korrika herriak egin du, nolabait. Herriak izan du ideia bat eta herriak garatu du».
Ez zen, hala ere, Korrika Josebak euskalgintzan egindako ekarpen bakarra: «Korrikarena kenduta eta Josebak egindako lanari dagokionez, aipagarria da oso AEKn izan zuen eragina, arduran zegoela martxan jarri zen, esaterako, berdintasun plana, gaur arte gauden lekura ekarri gaituen plana, gure artean ezadostasunik edota zatiketarik izatea oztopatu duena; zera, markatzen du AEKren berdintasuna, berak markatzen du AEK izatea erakunde sendo, egituratu eta moderno bat, egungo erronkei aurre egiteko kapaza dena eta izan dena», nabarmendu du Edurne Brouardek.
Egun Gipuzkoako ahaldun nagusi denak, Martin Garitanok, ere gertutik ezagutu zuen Joseba Kanpo: «AEK artean Euskaltzaindiaren baitan zegoela hasi zen lanean Joseba, Urtsa Errazti, Julen Kalzada edota Alvaro Gurrearekin batera. AEKtik kanpo egindakoak ere nabarmentzekoak dira: politikan ere militante sutsua izan zen, EMKn zein ezker abertzalean; musikan ere ibilia zen eta 70ko hamarkadan Oskorri taldean egon zen saxoa jotzen, Natxo de Feliperekin batera».
Edurne Brouardek eman dio azken zertzelada Joseba Kanporen erretratuari: «Arlo pertsonalean oso pertsona berezia zela esan behar dut; izaera gogorrekoa zen, mala ostia puntu bat beti izan zuena, zirikatzailea baina, era berean, maitekorra. Ez dut uste sekula epela izan zenik, nortasun handiko pertsona zen».