Lakuako Gobernuak greba eskubidea urratzen du; baita EAJ, PSE eta PPko legebiltzarkideek ere
Gauza jakina da hainbat enpresak beren langileei greba eskubidea modu desberdinez urratzen dietela, esate baterako kontratuaren baldintzak edo mehatxuak direla bide. Halere, eskubide hori ez dute hainbat enpresaburuk bakarrik urratzen. Administrazio askok ere greba deialdiaren aurkako jarrera agertzen dute, haren eragina ahal duten neurrian indargabetzearren, Lakuako Gobernuak oraingoan ere egin duen bezalaxe; izan ere, ez da neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen lehenbiziko aldia. Maiatzaren 30eko grebarako Lakuak ezarri dituenak %30ekoak izango dira garraioan, eta jaiegunetakoak osasun zerbitzuetan. Horregatik, ez da kasualitatea administrazio horiek greben eraginaren berri emateko eskaintzen dituzten datuak eskuarki patronalak eskaintzen dituenen antzekoak izatea.
Jarrera bera agertu dute EAJ, PSE eta PPk, datorren osteguneko osoko bilkura atzeratzeari uko eginda, Gasteizko Ganberako hainbat langileren greba eskubidea errespetatu gabe. Zilegi da legebiltzarkide horiek grebarik ez egitea, baina ez horrenbeste beren jarreraren bidez -eta Lakuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta- eskubide hori besteei eragoztea.