Angelu: hiru hilabetean arte garaikidearen erakusleiho
Instalazio, materia eta estilo ezberdinez egindako eskulturak, bideo proiekzioak eta argazki erakusketak dira ikusgai datorren irailaren 1era arte Angeluko Arte Garaikidearen Biurtekoan. Publikoari hurbildu nahian, hogei bat artistaren obrak barreiatu dituzte herrian: La Barre hondartza, Aturriko bokalea, BAB2 saltegia, Beatrix Enea eta Pompidou galeria.Ainize BUTRON | ANGELU
Joan den ostiralean Arte Garaikidearen Biurtekoak ateak zabaldu zituen Angelun. Irailaren 1era arte, hogei bat artistaren obrak lekutu dira Lapurdiko herri horretan. Aurreko edizioetan baliatuak izan diren Beatrix Enea aretoan, itsasbazterrean eta Pompidou galerian ez ezik, hiriaren ezohiko lekuetan ikusi ahal izanen dira aurtengo estilo eta diziplina ezberdinetako proposamen artistikoak.
Arte garaikidea gizarte osoari zabaldu nahian, Angeluko itsasbazterra izan da ekimenaren lehen ediziotik erakustoki nagusia. Aurtengo 5. ediziorako, Didier Arnaudet arte kritikariak eta biurtekoaren komisarioak erakustokiaren eremua zabaltzea erabaki du.
La Barre hondartzan, Aturri ibaiaren bokalean, BAB2 merkataritza zentroan ikusten ahalko dira, besteak beste, eskultura, bideo proiekzio eta instalazioak. «Artea ikusleak dauden lekuetara eramatea da xedea, eta, merkataritza guneetatik itsasbazterreraino erakusguneetatik pasatuz, artearen bidez publikoa ezohiko ibilaldi batera gomitatu nahi izan dugu», nabarmendu zuen komisarioak.
Obra garaikideak ikusteko ohiturarik ez duten ikusleei horiek hurbildu nahi izan dizkie egitasmoak; izan ere, aurtengo erakusketaren antolatzaileak «kalitatezko» nahasketa horrekin «usaiak eta usteak inarrosteko». «Misterioak, ipuinak, espazioak, gustuak eta ametsak esperimentatzeko ateak zabaltzen ditu», gehitu zuen Arnaudetek. Artistei Angeluko paisaia bereganatzea proposatu zaie Biurtekoan parte hartu aurretik. «Angeluri buruzko begirada berri bat eman nahi izan dugu, eta, horrela, herrian bizi direnek bizitokia beste era batez ikusteko aukera izango dute», argitu zuen komisarioak.
Angeluk lotura eginez
Angeluk egiten du obren arteko lotura. Iragan ostiralean, BAB2 merkataritza zentroan kokatu dituzten obrak aurkeztuta egin zuten Biurtekoaren inaugurazioa. Saltegiko aparkalekuan, Laurent Kropf Suitzako artista gazteak, Citroën BX markako autoak lagun dituela, Lugwig Von Beethovenen «Seigarren sinfonia» bost zatitan banaturiko instalazio baten bidez entzungai jarri du. Saltegiaren barnealdean, Cledat eta Petitpierre artisten eskulturak lekutu dira. «Parade moderne» izeneko obra artearen historian inspiraturiko hamar bat pertsonaiaz osatua dago.
Itsasbazterrera hurbilduz, La Barre hondartzak Juan Aizpitarte donostiarraren «Belle époque» obra, Ange Leccia korsikarraren «Par un beau matin d'été», Vincent Gavinet artistaren «Contremesure», Marine Julieren «Reste» eta Pierre Labat Bordeleko artistaren «Corolle» estilo eta materia ezberdinetako eskultura erraldoiak ikusgai dira. Orotara, La Barreko hondartzan eta Izardia parkean zazpi artistaren obrak ikus daitezke. Georges Pompidou galeria, berriz, Holandako Jerome Schlomoff artistaren «Fragiliser notre certitude à voir le réel» izenburuko bideoa proiektatzeko baliatu dute. Galeriaren zortzi hormetan artistak aukeraturiko «irudi arkaikoekin» egindako filma ikusten ahalko da egunero ondoko hiru hilabeteetan.
Beatrix Enea azken erakustokian Pariseko Le Pavillon Neuflize OBCren, hamar bat artistez osaturiko kolektiboaren, lanak dira ikusgai. Erakusketaren testuinguruan eginiko gogoetetan oinarrituriko obrak biltzen ditu erakusketak. «Kolektiboko hamar artistari Beatrix Eneako parkea, arkitektura eta espazio ezberdinak okupatzea proposatu diegu», argitu zuten antolatzaileek. Erakusketa irailaren azken asteburuan bukatuko da, kontzertu batekin.
Biurtekoak iraunen duen artean bideo proiekzioak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira, bai eta topaketak artistekin ere, besteak beste, Ange Lecciarekin. Ekainaren 8an, esate baterako, krokisak egiten ikasteko ikastaroa izango da.