GARA > Idatzia > Kultura

Euskal kondairek uste baino gehiago lotzen gaituzte Europara

Euskararen Jatorriaren 8. Biltzarrean mitologia izan zuten oinarri, eta zenbait adituren hipotesiak entzun ostean ondorioztatu dute gure hizkuntzak harreman handia izan dezakeela Europako urrutiko zenbait kulturarekin, bai hitzen bai ipuinen antzekotasunagatik.

N.B. | DONOSTIA

Mitologia izan zuen ardatz larunbatean egin zen Euskararen Jatorriaren 8. biltzarrak. Egitarau oparoa prestatu zuten, ohi bezala, ahalik eta aditu gehienen teoriak bildu eta zabaltzeko. Ondorio gisara Oteizak bere garaian proposatutako ideia zabaldu zuten; alegia, euskal kultura aurreindoeuroparra dela eta horregatik, oinarriak aztertzeko, «europarren betaurrekoak» kendu behar ditugula.

Euskararen Jatorria elkarteko kide Patxi Alañak eman zigun biltzarrean proposatutako teorien berri. Juan Inazio Hartsuaga izan zen hitzaldia ematen lehena. Honek mitologia asko landu du eta oraingo honetan bere azken liburuan («Hitzak fosil») bildutako hipotesiak jarri zituen mahai gainean. Era berean, AEBetako Ohioko unibertsitateko irakasle Roslyn M. Frank-ek Hamalau pertsonaiaren figurari buruzko ikerketa egindakoan otu zaizkion ideiak plazaratu zituen. «Hamalau erdi hartz erdi gizakia den izaki bat da -azaldu zuen Alañak- eta berari buruzko mitoa Europa osoan dago zabalduta».

Irakasle estatubatuarrak Zuberoako azken hartz ehiztariei esker izan zuen mito honen berri, baina aztertu ostean beste kultura eta hizkuntza askotan antzeko istorioak badirela konturatu da. Bere iritziz, istorioa Paleolito garaikoa da eta iruditzen zaio jaso dituen kontakizun guztiak euskarazko bertsioan dutela oinarria. Alañari atentzioa eman zion Roselyn M. Frank-ek esandako beste gauza batek; alegia, AEBetako indiarren istorioetako zenbait pasarte Hamalauren mitoari buruz kontatzen direnen oso antzekoak direla.

Batzen gaituena

Felix Zubilagak bestelako bitxikeria bat ekarri zuen Lazkaoko kongresura; Jose Mari Satrustegik Sakanan jaso zuen ipuin batek antzekotasun asko ditu Nippur sumeriar hirian kontatzen zuten beste batekin. «Batzuetan mitologiak balio digu beste herriekin harremanetan jartzeko, zeren uste dugu isolatuak gaudela eta gero ikusten dugu sekulako antzekotasunak dituguna gure artean eta, agian, antzina, substratu beretik edan genuela, ez dakigu haiek gugandik, edo guk haiengandik», aipatu zuen Alañak. Badago hipotesi bat zeinak esaten duen euskarak hizkuntza substratu desberdinetatik edan zuela, eta horregatik dauzkagula hitz desberdinak gauza bera esateko (leize, haitzulo eta koba, adibidez).

Xabier Renteriaren txanda iritsita, egiten ari den ikerketa batetik ateratako ondorioak ezagutarazi zituen. Honek uste du egun mitologia eta hizkuntza banandu ohi ditugula, baina agian, uste baino lotura estuagoa dutela. Errealitatea azaltzeko sortu ziren Mari edo Amalurren inguruko kondairak, natura ulertzeko, eta horretarako hizkuntza beharrezkoa zen.

ANTZEKOAK

Aurreko biltzarretan onomastika eta genetika landu izan dira. Mitologia aztertzean berriro agerian gelditu da euskarak bestelako kulturekin duen harremana.

IRUÑA VELEIA

Laster emango dituzte jakitera Iruña Veleiako grafitoak datatzeko ikerketa prozesuaren emaitzak. Madrilgo laborategi batean ari dira datatzen bertan aurkitutako zenbait zeramika zati.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo