Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Kontuz Kontari!
Lagun batek galdetzen dik nolatan ipuin jaialdiko kontaketak herriko antzokian eskaini. Logikoa da bere kezka, zalantza baitauka ez ote den espazioa handiegia izango jende gutxi joaten bada. Ulertzen dut bere galdera; izan ere, ez da ohikoa antzokietan ipuin ikuskariak eskaintzea, ohikoa ez den bezala helduentzako kontaketa saioak antolatzea. Azaldu diot antzoki batean laurehun pertsonaren aurrean egona naizela kontatzen; eta antzezlan batekin, berriz, hamabost pertsonaren aurrean bostehunentzako lekua zuen antzokian. Badirudi ipuinak kontatzeko antzokiko eszenatokia gehitxo dela, ipuinaren intimitatea-edo hausten duela. Orain aztertuko ez ditugun arrazoiengatik, ipuin-kontaketa ikuskariak beste espazio batzuekin identifikatzen dira, ikuskariak eskaintzeko pentsatu gabeak. Kontua da, ipuin kontaketa arte eszenikoa dela onartzen badugu, zergatik, antzokietan aritzeko, hainbeste arazo.
Errenterian deitua den Kontuz Kontari! ipuin kontaketa jaialdian, antzokia hartu da ipuin ikuskariak eskaintzeko lekua. Antzokian eskainiz ikuskariak, bai kontalariak bai publikoa ahalik eta baldintza egokienetan egotea bermatzen da. Eta gezurra badirudi ere, antzokian eskainiz jardun artistiko honen gaineko ikuspegia balorizatu egiten da, bere horretan hartuz garrantzia. Ikuslea sarrera ordaindu eta besaulkian eseriko da ikuskaria noiz hasiko zain. Argiak itzali dira. Espektakulua hastera doa. Ordubetez-edo horretarako bakarrik egongo da. Amaitutakoan, gustukoa izango du edo ez ikusitakoa, baina hori beste kontu bat da. Ipuin kontaketak antzokiak ditu irabazteko. Errenteriako ipuin jaialdian horretan saiatuko gara.