Herritarren partaidetza giltzarri izan da 2016ra begira eginiko Olatu Talka arrakastatsuan
GARA | DONOSTIA
«Balorazioa ezin hobea da, pixkanaka jendea ulertzen eta barneratzen ari baita Olatu Talka eta Donostia 2016 herritarren partaidetzaren bidez eraikitzen direla», adierazi zuen atzo Igor Otxoak, Donostia 2016 Bulegoko zuzendariak. Antolatzaileak gustura agertu ziren hiru egunez ospatu den Olatu Talkarekin, ekimena arrakastatsua izan dela baieztatuta. 2.000 sustatzaile inguru izan dira guztira 250 ekintza bultzatu dituztenak, sekula baino gehiago. «Hori guztia Olatu Talka pixkanaka superprodukzio gisa finkatzen ari den adierazgarri da: askotariko jarduerak ditu, hainbat tokitan gertatzen da eta ehunka eragile eta herritarren arteko harremanaren eta elkarlanaren bidez gauzatzen delako, azken batean. Horretan guztian, Donostia Kulturaren lanak aipamen berezia merezi du», adierazi zuten Bulegoko arduradunek.
Izan ere, zenbakitan aurreko urteetako parte-hartzea gainditu du aurtengo Olatu Talkak. Amaiera ekitaldian 2.200 errazio banatu ziren, 1.300 ikusle izan ziren Victoria Eugenian «Errautsak bihotzean» obraren hiru emanaldietan, DonostiRoller-eko 300 patinatzailek eta milaka txirrindularik zeharkatu zuten Ibaetatik Zubietarainoko Ziklobia, «Dantzaluze»-n hiriko 6 dantza-eskolatako 150 dantzari ibili ziren Alde Zaharreko kaleetatik kairaino, herritarrekin batera 500 laguneko kate bat osatuz, eta, guztira, 25 nazionalitate ordezkatu dituzte Olatu Talkako parte hartzaileek.
Otxoaren esanetan, laugarren urtea bete duen jaialdiak gero eta hobeto erakusten du «DSS2016EU proiektuak defendatzen duen kultura zabal eta irekiaren kontzeptua: Olatu Talka gutxika-gutxika kultura mota berriak ari da txertatzen, kultura artea bakarrik delako ideiatik urruntzen ari garen heinean».
Larunbat goizeko giro euritsua ez zen arazo handia izan; programazio osoko bi ekintza besterik ez ziren bertan behera gelditu eta, beste zenbait kasutan tokiz mugitu ziren. Aldaketak azkar jakinarazi zituzten, Twitter bidez eta olatutalka.eu webgunean. Igandeko Ziklobiaren arrakasta ikusita, urtean zehar mantentzea dutela helburu azaldu zuten, eta «etorkizun laburrean maiztasun finko batekin egin ahal izatea, espazio publikoaren erabilera berriak eginez».