GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Goiherri A taldea 680 kiloko txapela eskuratzear dago

Jon LEUNDA

Goiherri A taldea 680 kiloko txapela eskuratzear dago. Orain arte bi saio jokatu dira eta bietan nagusi izan da, eta jardunaldi baten faltan hiru puntuko aldea ateratzen dio bigarren postuan dagoen Gaztedi A taldeari.

Erandio Goikoan jokatu zen herenegun 680 kiloko bigarren jardunaldia, eta oraingoan ere nahiko erraz irabazi zuen Goiherrik. Etxean aritu ziren berdeak, eta ez zuten hutsik egin.

Bigarren postuan berdinduta geratu ziren Gaztedi A eta Mutriku. Irabazleekin galdu, eta elkarrekin berdindu egin zuten, gainerako taldeak mendean hartuta. Goiherri B taldeak, berriz, Gaztedi B taldea hartu zuen mendean, eta Gaztedi B taldea, lehen jardunaldian bezalaxe, oraingoan ere azkena geratu zen.

Bi jardunaldiren ostean, Goiherri A dago aurreneko postuan 10 punturekin. Bigarren postua Gaztedi A taldearena da 7 punturekin. Hirugarren postuan, berriz, berdinduta daude Mutriku eta Goiherri B, 5,5 punturekin, eta azkena Gaztedi B dago 2 punturekin. Azken jardunaldia igandean jokatuko da Mutrikun, Galdona auzoan. Sailkapenari begiratuta, berriz, badirudi hirugarren postua dela erabakitzeko dagoen bakarra.

Amaiur A, Sakana eta Berriozar A, mutiletan, nesketan eta kadete mailan, izan dira Nafarroako Lauko Txapelketako azkeneko txapeldunak.

Larunbatean jokatu zen azkeneko saioa, eta gizonezkoen 300 kilokoan Amaiur A taldeak ez zuen barkatu, eta garaipena eta txapela lortu zituen. Berriozar eta Amaiur B taldeak izan dira bigarren eta hirugarren.

Emakumezkoetan, berriz, Sakanak irabazi zuen azken jardunaldia eta txapela. Basaburua-Imotz eta Berriozar, berriz, berdinduta geratu ziren, baina sailkapen nagusian Basabura-Imotzek puntu erdia kendu zion Berriozarri. Kadeteetan, Berriozar A izan zen onena, eta bere atzetik Andramari sailkatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo