GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ariane Elejabarrieta Amorrortu Arratian Lan eta Bizi!

Arratiarentzako etorkizuna gura dugulako, maiatzaren 30ean greba orokorra

BATZeko kooperatibista eta langileak, beren ideiekin leialak izanik, deialdiarekin bat egitera gonbidatu gura ditugu

Apiril eta maiatzean zehar Igorreko BATZ Kooperatibaren 50. urteurreneko ospakizunen lekuko izan gara. Ospakizun hauetan behin eta berriro errepikatu da sorreran zegoen izaera berritzeko asmoa, jatorriarekin koherenteak izan beharra eta proiektua eraikitzen jarraitu beharra, inguruko garapen-laguntzan eta aberastasunaren bidezko banaketan datzan proiektua.

Gu ez gara proiektu hori kritikatuko dugunak, ez horixe. Izan ere, Arratian Lan eta Bizi! plataformak ondo hartzen ditu horrelako egitasmoak, eredu sozial eta eraginkor bidezkoago zein gizatiarragoa eraiki gura dutenak. Gure eskualdea krisiak larriki astintzen duen honetan, inoiz baino agerikoagoa da guztion artean alternatiba bat eraiki beharra.

Guk ez dugu krisi hau sortu; aitzitik, geu gara berori pairatzen dugunak.

Nabarmena da biztanleen pobretzea zabaldu dela, eta era berean, geure oinarrizko eskubideak kentzen dizkigutela, murrizketen zein horien pribatizazioaren bitartez.

Gobernuek ezarritako erreforma eta politikek helburu hori baino ez dute lortu nahi. Bide beretik, kapitalak ahal dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu, gure lan eta gizarte egoeraren lepotik irabazi handiagoak erdiesten jarraitzeko.

Arratiako egoera sano larria da. Betiko komertzioen itxierei eta 1.000ra heldu den langabeen kopuruari, desegite industrial eta etengabekoa gehitu behar diegu. Horrek guztiak inoiz ikusi gabeko lanpostuen desegitea ekarri du. Horregatik eskualdeko enpresak etengabeko gatazkan daude; izan ere, Negarran, Laronen, Cementosen, Alfusen... EREak ezarri dira, kaleratzeak egon dira, soldaten moldaketak bideratu dira eta lan-baldintzak... Eta hori gutxi balitz, orain Incoesaren itxiera. Eskualde guztiko etorkizuna dago jokoan!

Horregatik guztiagatik premiazkoa da eredu berri bat eraikitzeko guztiok batera lanari ekitea. Eredu berri hori bertan bizi eta lan egiten duten pertsonengan oinarrituta egon behar da, bizi-baldintza duinak bermatzen dituen ereduan oinarrituta. Hori lanpostu duinen bitartez lortuko dugu, kalitatezko herri-zerbitzu oroko- rren eta prestazio sozial egokien bidez. Bihar, maiatzaren 30ean, Euskal Herriko gizarte eta sindikatuen gehiengoak greba orokorra deitu duen egunean, nahikoa dela esan behar dugu, Arratiak etorkizuna izan gura duela.

Ildo honetatik, BATZeko kooperatibista eta langileak, beren ideiekin leialak izanik, deialdiarekin bat egitera gonbidatu gura ditugu. Hau ez da soilik elkartasunaren adierazgarria izango; izan ere, guztion artean gura dugun gizarte ereduaren eraikuntzaren laguntzan bat egitea ere adieraziko du. Guztioi urrats txikiak egitea dagokigulako, maiatzaren 30ean BATZ kalera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo