GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Non ote dago nagusigo morala?

Subiranotasunari buruzko nazioarteko zuzenbidea birrinduta utzi eta gutxienez bi mila pertsona inguru, inolako epaiketa eta garantiarik gabe, akabatzea erakarri duten eraso horiek [`drone' bidezkoak] ez daukate inolako helduleku juridikorik

Batzuek Obamarekin eduki duten desengainua -bere garaian harengan zuten itxaropenaren tamainakoa, esango nuke- hitz bakarrean laburbildu behar izanez gero, gutxi aurkituko dira «drone» baino egokiagoak. Tripulatzailerik gabeko hegazkinen bitartez burututako hilketak Obamaren agintaldiaren bereizgarri politiko-militar bilakatu dira iragan lau urte hauetan, Pakistan, Yemen edota Somaliako bazterretan. Obama bera ere ohartu da ezaugarri horretaz, itxura denez, eta pasa den ostegunean adierazpen publiko handios samarra egin zuen bere bigarren agintaldian ildo hori berraztertu eta taxutuko duela jakinarazteko. Fededunek, hots, harengan fedea erabat galdu ez dutenek, gogotsu txalotu diote deliberoa: 2001az geroztik terrorismoaren aurkako politikan Etxe Zuritik egin den gogoetarik mamitsuena izan dela esatera heldu da «NYT» egunkaria. Itxaropena ez dute erabat galdu nahi.

Sinestun horietakoa ez naizenez, oso bestelako interpretazioa eman diot AEBetako lehendakariak Nazio Defentsarako Unibertsitatean (goi ofizialen ikastetxeak ere ari dira itxuraz gaurkotzen) egin zuen adierazpenari. Ezarian, bururatu zait zerikusiren bat izango zuela bi egun lehenago International Crisis Group (ICG) lantaldeak «Drones: myths and reality in Pakistan» izenburuarekin gai horri buruz argitara eman zuen 40 orrialdeko txostenarekin. Bertan, mundu mailako diplomazia eta harremanen alorreko «behi sakratuen» saldo horrek hainbat gonbit eta erregu zuzentzen dizkie Estatu Batuetako Gobernuari eta Pakistangoari jarduera hori legebideratzeko. Zentzuzko eskakizunak batzuk, barregarriak ere bai beste hainbat... baina erakundea osatzen/babesten duten ospetsuen izenarekin jantziak denak: L. Arbour, M. Abramowitz, G. Soros, K. Annan, S. Berger, J. Fischer, R. Lagos, J. Solana, P. Reynolds... Jakin nahi nuke, hala ere, jakingura hutsez, zer deritzoten benetan auzi horretaz ICGren aholkulari legez agertzen diren batzuek: R. Armitage, Z. Brzezinski...

Txostenaren irakurketa oso lerratua egin beharrik ez dago egileek esan gabe aditzera eman nahi dutenaz jabetzeko: subiranotasunari buruzko nazioarteko zuzenbidea birrinduta utzi eta gutxienez bi mila pertsona inguru -eta seguruenera, hiru mila baino gehiago; hau da, Irailaren 11koan hildako guztiak baino gehiago-, inolako epaiketa eta garantiarik gabe, akabatzea erakarri duten eraso horiek ez daukate inolako helduleku juridikorik. Ez nazioarteko legerian, ez eta auzitan diren herrialdekoetan ere. Eta batzuei are okerragoa irudi dakiekeena: ez dira ametigarriak, ezta gerra zuzenbidearen irizpen txit malguetatik ere, CIA bezalako agentzia zibil batek antolatu eta kudeatuak diren momentutik, eta ez Armadak burutuak. Horri eransten badiogu biktima askoren tasuna guztiz balizkoa dela (CIArentzat, erasopean aurkitzen diren gizonezko guztiak dira «etsaiak»), Pakistango inteligentzia zerbitzuen joko bihurria, eta abar, geu ere oso gai izango gara oinarrizko ondorio moralak ateratzeko. Eta AEBek zergatik ez duten Nazioarteko Zigor Auzitegiaren partaide izan nahi konplituki ulertzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo