GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ertzaintzak Xabier Agirre atxilotu du lau hilabeteko zigorra bete dezan

Euskal Autonomia Erkidegoko poliziak astelehenean atxilotu zuen Xabier Agirre Gasteizen. Orain, gazteak lau hilabeteko zigorra bete beharko du kartzelan. Plazara!-k gogor kritikatu du azken atxiloketa, eta salbuespeneko politikak bertan behera uzteko eskatu dio PPri.

p016_f01.jpg

Ion SALGADO | GASTEIZ

Xabier Agirre atxilotu zuen Ertzaintzak astelehenean Gasteizen, Auzitegi Nazional espainolaren agindua betez. Dirudienez, Euskal Autonomia Erkidegoko poliziek gaztea kartzelatu dute lau hilabeteko zigorra bete dezan. Epe horretan beteko du gasteiztarrak salbuespeneko auzitegiak kutxazain bati egindako eraso batean parte hartzeagatik ezarritako bi urte eta lau hilabeteko zigorra.

Astelehenean bertan bidalitako ohar batean, Plazara! mugimenduak Xabier Agirreren atxiloketa salatu zuen. Herritarren eskubide zibil eta politikoak defendatzeko sorturiko mugimenduaren iritziz, giza eskubideak «urratzen» dituzten legeetan oinarritzen den salbuespeneko auzitegi batek ez luke inor epaitu behar.

Adibide gisa, gazteak urtarrilean bizi izandako prozesua gogora ekarri zuen. Hala, 2011n auzitegiak Belgikako atxiloketa justifikatzeko leporatu zion delitua preskribatuta zegoela onartu zuen. Hori bai, Agirrek kartzelan bi urte pasa ondoren onartu zuen bere errua Auzitegi Nazionalak.

Ertzaintzaren erasoa

Halaber, maiatzaren 17an, Agirrek bere egoera salatzeko ekimena burutu zuen egunean, Ertzaintzak azaldutako jarrera gogor kritikatu zuen Plazara!-k. Gogoratu zuenez, Ondarroan eta Donostian eraiki ziren herri harresien eredua jarraituz, ehun lagun bildu ziren Gobernu espainolaren Gasteizko ordezkariordetzan, gazteari -eraikinaren leihora kateatu zena- elkartasuna adierazteko.

Ertzainak, komunikabideen kamerak ez zirela bertaratu konturatu zirenean, kolpeka altxatu zituzten harresia osatzen zutenak. «Gogor jipoitu zituzten Agirre inguratzen zuten gazte solidarioak, dozenaka zauritu utziz eta bi pertsona atxilotuz. Horietako bat Xabi zen; desordenak leporatu zizkioten», azaldu zuen mugimenduak.

Aipatutako egoerarik berriro gerta ez dadin, Plazara!-k Madrilek euskal herritarrei ezartzen dien salbuespen politika bertan behera gera dadila eskatu zuen atzo. «Espainiako Gobernuak poliziek, epaileek eta salbuespeneko politikek osatzen duten armategia desaktibatu behar du», aldarrikatu zuen.

Era berean gizartearen laguntza eskatu zuen eskubide zibil eta politikoak defendatzeko. «Horma gogorra eraiki behar dugu, eraso berririk ez gertatzeko», nabarmendu zuen.

Zaharraz harro!

Joan den ostiralean gasteiztar batek Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izan zuen Alde Zaharreko jaietan (Zaharraz Harro!) egin zuten kalejira batean parte hartzeagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo