GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Nazabal estutzea izango da finalisten helburu nagusia

Etxarrikoarekin batera, Rekondo, Otaegi eta Atutxa neurtuko dira etzi, 12.00etan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta gehienak laburrak.

p039_f02.jpg

Jon LEUNDA

Lau aizkolari lehiatuko dira etzi, 12.00etan, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, Urrezko Aizkorako txapela lortzeko asmoarekin. Floren Nazabal, egungo txapelduna, Aitzol Atutxa, Jon Rekondo eta Joseba Otaegi arituko dira nor baino nor.

Oraingo honetan, gainera, aizkolariek aurreko saioetan baino lan handiago izango dute, nahiz eta formatua bera izango den. Sei lan ezberdin egin beharko dituzte, iraupen probarekin amaitzeko, eta denetako denborak batu ostean, onena duenak irabaziko du.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu izango da estreinako proba. Bigarrengoan, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki beharko dute. Hirugarrengoan, zutik jarrita kana-erdiko enborra erdibitu beharko dute. Laugarrengoan, berriz, 60 ontzakoa ebaki beharko dute. Bosgarrengo lanean, 45 ontzako enbor bat zutik jarrita eta bestea etzanda jarrita erdibitu beharko dituzte. Azkenik, berriz, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte. Iraupen proba horrekin amaituko da finala, eta seguruenik ere horrek erabakiko du txapelduna zein izango den.

Faboritoa

Floren Nazabal izango da txapela lortzeko faborito nagusia. Finalerdietako kanporaketa jokatu beharrik ere ez du izan. Lan guzti hauetan bikain moldatzen den aizkolaria da, eta gainerakoek zaila izango dute bera mendean hartzea.

Jon Rekondo da finalerdietatik pasatu gabe finalean sartu den beste aizkolaria, final-laurdenetan zuzenean eskuratu baitzuen Azpeitian izateko txartela. Lan hauek ongi doazkion aizkolaria da. Honelakoetan, ordea, nerbioek eragin handia izaten dute, eta horiek kontrolatzen baldin baditu, leitzarrak lan bikaina egingo du.

Aitzol Atutxa azken urte hauetan ohitu egin da finalak jokatzen, eta beretzat ere lan hauek ez dira txarrak. Finaleko gazteena izango da, eta bere helburua ahalik eta lanik onena egitea izango da.

Joseba Otaegik ere presiorik gabe jokatuko du. Orain arteko bere erronka nagusia Senosiainen aurkako apustua izan zen, eta hura irabazi ostean, orain lasaiago dago. Finalean sartu da, gainera, eta ahalik eta lanik onena egitea izango da bere helburu nagusia. Denek dakite Nazabali irabaztea zaila izango dela, baina Etxarrikoarentzat izango da presiorik handiena.

23 urtez azpikoen finala ere oso erakargarria geratu da. Ander Erasun eta Julen Kañamares, biak ere nafarrak, neurtuko dira txapelaren lehian. Maila nagusian ere lan bikaina egin dute, eta final-laurdenetara iritsi dira. Etorkizun handiko bi aizkolari dira, eta urtetik urtera pauso bat aurrera ematen ari dira. Erasun atera daiteke garaipena lortzeko faborito, baina Aroztegikoa mendean hartzeko lan handia egin beharko du.

Hauek ere lan laburrak eta ezberdinak egin beharko dituzte, eta iraupen probara iritsi arte inori ez zaio hutsik egitea komeni, azken saioan txapela erabaki ahal izateko.

Harri-jasotzaileak

Izeta II.a, Izeta III.a eta Urruzuno neurtuko dira etzi Azpeitian, Urrezko harri-jasotzaileen finalean. 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabiliko dituzte. Kirolarien pisua ere kontuan hartzen da, eta arinena denak denbora gehiago izango du lanerako.

Lau aizkolari arituko dira 18 urtez azpikoan

Eneko Otaño, Iker Vicente, Julen Larrea eta Oier Kañamares neurtuko dira 18 urtez azpikoen finalean. Otaño eta Vicente II.a dira txapela lortzeko bi faboritoak, eta gauzak normal joaten baldin badira, bien arteko dema polita izango da eta txapelak ere bien artean egon beharko luke. Beste biek galtzeko ez dute ezer, eta bi faboritoak estutu eta ezusteren bat emateko asmoarekin plazaratuko dira. Gipuzkoar bat, bi nafar eta bizkaitar bat izango dira nor baino nor.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo