Kronika | Altsasu
Oinazeak albo batera utzita, borrokari eutsi dio Sakanak
Hiru hilabetean bigarren greba orokorra izan zuten atzokoa Sakanako herritarrek, eta borrokak utzitako oinazea nabarmena den arren, erantzun sendoa eman zuten mobilizazioetan, eskualdearen etorkizuna baitago jokoan.
Iraia OIARZABAL
Altsasura sartu eta, lehen begiradan, itxiera orokorra izan zela ikus zitekeen. Kale eta hormetan grebarako deia egiten zuten pankartak ere nonahi ikus zitezkeen. «Sakanan bizi, lan eta ikasi, irakaskuntza duin baten alde, murrizketarik ez», zioen horietako batek. Eta horixe izan zen eguneko aldarrikapen nagusia, desindustrializazioaren eta gorantz doan langabezia tasaren gainetik, Sakanak baduela etorkizuna eta herritarren eskutik etorriko dela bere eraikuntza.
Egun osoan zehar egindako mobilizazioen gaineko balorazio positiboa nagusitu zen arren, azken hilabeteetan Sakanak aurrera daraman borroka dinamikak arrastoak utzi dituela onartu zuten deitzaileek. Gaizka Uharte LABeko bozeramaileak azaldu zuenez, hiru hilabetean bi greba orokor deitu izanak -aurrekoa otsailaren 28an izan zen- herritarren higadura eta erantzuna desorekatua izatea eragin zuen. Gainera, industriak bizi duen egoera zailak langileengan beldurra sortu duela ohartarazi zuen.
Gauzak horrela, enpresa eta denda txikietan geldialdia orokorra izan bazen ere, enpresa handietan erantzun ezberdinak izan ziren. Esaterako, Aceros Moldeados, Guerra Hermanos edo Magotteaux enpresetan itxiera erabatekoa izan zen; Sakana Cooperativa eta Viscofanen aldiz, lan egin zuten. Sunsundegui, Cementos Portland eta Eguzkia lantegietan grebak erantzun partziala izan zuen.
Zerbitzu publikoei dagokienez, Altsasun izan ezik, jarraipena zabala izan zela nabarmendu zuen, irakaskuntzan erantzun bereziki baikorra izan zelarik.
Puntu beltzak inguratuz
Eguerdiko 12.00etan, kanpaiak jotzearekin batera, abiatu zen eskualdeko manifestazioa. Deitzaileen arabera, 1.000 lagun inguru batu ziren eta azkeneko asteetan Iruñean gauzatutako dinamikari jarraiki, murrizketen eta krisiaren erantzuleak inguratuz borobildu zuten mobilizazioa. Bitartean, Guardia Zibilaren patruilek euren ibilbide propioa egin zuten, tarteka manifestariek eta poliziak topo egin zutelarik.
Gizarte Zerbitzuen egoitzan egin zuten lehen geldialdia, eta murrizketen kontrako oihuen artean inguratu zuten egoitza. Metro batzuk aurrerago aurkitu zuten bigarren geltokia, CANen egoitzan, hain zuzen ere. Nafarroan zabaldutako ustelkeria kasuen kontra egin zuten manifestariek eta «Lapurrak!» ozenki oihukatuz inguratu zuten bankua.
Manifestazioa amaituta eta Foruen plaza aterkiz beteta, herritarrak zoriondu nahi izan zituzten deitzaileek. Sakanak bizi duen egoera zailaren jakitun, nekeari aurre egin eta kalean jarraitzeko gaitasuna nabarmendu zuen Uhartek. Etsipenaren gainetik, grebaren balioa defendatu zuen «krisiaren irtenbidea nork zuzenduko duen baitago jokoan: kapitalistek ala guk».
Arratsaldean, Irurtzunera eraman zuten mobilizazioa eta Inasako langileen borroka izan zuten gogoan. Enplegua defendatzen ari diren bakarrak beraiek direla baieztatu zuten, «instituzioen inongo babesik gabe» eta «legea kontra» daukatela. Horregatik, Irurtzungo enpresa aurrera ateratzeko aukera badagoela sinetsita, atzoko egunak borroka horren akuilu izan behar duela aldarrikatu zuen.