Brusela kritikatu ondoren, Hollande Merkelekin elkartu da aliantza finkatzeko
Europako «politika ekonomikoan koordinazio gehiago» eskatu dute Angela Merkelek eta François Hollandek Parisen eta Berlinen arteko harremana sendotzeko bileran, Hollandek Bruselari eginiko kritiken ostean.
GARA | PARIS
François Hollande frantziar presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra Parisen elkartu ziren atzo, enplegua eta hazkunde ekonomikoa suspertzeko ekimenei buruz eztabaidatzeko. Hain zuzen, atzo, bileraren egun berean, Estatu frantsesak langabezia markak gainditu dituela plazaratu zen, apirilean 40.000 langabe gehiago erregistratu ondoren.
Merkelen bisitaren aurretik, Hollandek bere kritikak luzatu zizkion Europako Batzordeari. «Frantziari zer egin behar duen ezin diola agindu», esan zion Bruselari, Batzordeak pentsio-sistemaren erreforma eta lan-merkatuaren erreforma egiteko eskatu diolako.
Alemaniatik iritsi zen erantzuna, hain zuzen, Merkelen alderdiko buru baten hitzetan. «Desegokiak, zitalak eta ulertezinak» dira presidente frantziarraren adierazpenak, CDUko burua den Andreas Schockenhofen esanetan.
Atzoko bileran, berriz, desadostasunen gainetik, ekimen komunak nabarmendu nahi izan zituzten. Parisen arabera, «hedabideetan agertzen diren balizko tentsioak, tirabirak edo hoztasuna oihartzun artifiziala baino ez da», eta «harremanaren barometroa egonkor» dagoela gaineratu zuen.
Gazte enplegua eta koordinazioa
Irudi hori eman nahian, Hollandek eta Merkelek gazte-enplegua suspertzeko ekimena adostu zuten. Helburu horrekin, Europako aurrekontuetan 6.000 milioi euro erabiltzea proposatuko diete EBko gainerako estatuei. Datorren ekainaren 27an eta 28an egingo den Europako gailurrean aurkeztuko dute ekimen hori. Banku-batasuna ezartzeko hainbat proposamen ere aurkeztuko dizkiete.
Bestalde, Hollande bat etorri zen Merkelekin, «lanaldi osoko Eurotaldeko presidente bat» izateko beharra nabarmentzean. Hollandek berak esan zuenez, «euroguneko bilera gehiago nahi ditugu, lanaldi osoa duen presidente batekin».
Halaber, Europako «politika ekonomikoan koordinazio gehiago» behar dela adierazi zuen. Merkelen arabera, koordinazio hori, Eurotaldearen antolaketan ez ezik, «lehiakortasunerako lehentasunak ezartzerakoan ere lortu behar da: lan merkatua, zerga-sistema eta instituzio publikoak».
Kantzilerrak gastu publikoa murrizteko politikak defendatu zituen, hazkundeari lehentasuna emateko eskaeraren aurrean, eta «aurrekontuen onbideratzea eta hazkundea txanpon beraren bi aldeak dira», adierazi zuen.