GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Euria da ta... horra!

Krisi-amak galdera berriak ekarri dizkigu, erantzun zaharrek ezin erantzun ditzaketen galdera berriak. Hori sikiera badiogu eskertzekoa! Ezkerrekoek behin- tzat!. Tira, harira! batzuek garta-denboretan aurkitu nahi dute ez dakiten galderaren erantzuna. Eta, antza, biderkatu egin da antzinako egutegien salmenta, abaderen baten bedeinkazioaz egunez eguneko eguraldia iragartzen zuten haiek. Omen. Amen!. Hortaz, esperokoa da hurrengo ostiralen batean egutegion BEZa dezente igotzea. Gure beheko Estatuan igo, bai, baina eragina hemen izan. Halakoxeak gaituk/n!. Tira, eukaristiako ogira! Ostia! ez esatearren. Denbora bihurtu da albiste gai nagusia, eguraldia esate aldera. Eta solasaldi guztien ezinbesteko ardatza. Atzean geratu dira eguraldia etxe-orratzetako igogailu barruko hizketa-gai behartua zen garaiak. Egun edonon eta edonoiz da monotema, legebiltzarreko pasilloetan ere, seguru asko; komunean seguru. Total, gaur gaurkoz ganberako tontoena bera ere izan daiteke denbora iragarle; hain da erraza biharkoa iragartzea!. Bai, badakit, onartzen dut, batere erraza ez dena da ganberan tontoena zein den iragartzea, ahoa zabaldu arte behinik behin!, eta gero ere ez!.

Demontre! bueltatu nadin lehengo errailera! Denbora-pasa gaur gaurkoz huskeria hutsa da. Zuk hau edo hori egiten pasatu dezakezu denbora, baina argi dagoena da denbora bera ez dela pasatzen, beti euri!. Hortaz, Marigorringo eta Zurigorringo aspaldian joan ziren hemendik, euren betiko galderak erantzun bakarra baitzeukan. Eta zer da bizitza gutxienezko zalantzarik ez bada?. Bada, euria da bizitza. Euskara barneratzeko benetako apustua egin ez duten askok hainbeste denbora pasatuta ikurrinari kantuan: euria da ta euria da, euria da ta.... azkenean lortu dute. Bitartean ikurrina mastan, piper-potoaren ondoan hainbat balkoi transgenikotan.

Gauzak horrela, udako ikastaroek izenez aldatu beharko dute aurten, eta hainbatetan izanaz aldatuko balira ere hobeto. Jada inor ez da epe motzeko eguraldiaz kezkatzen, zertarako kezkatu baina?. Jakin-mi- na epe luzean da, zer espero 2050eko udarako?. Baina orduan klimaz ari gara, ez eguraldiaz. Gainera, zelan eskatu klimari iragarpena Athleticen hurrengo entrenatzaile zein izango den jakin gabe?. Sena, mesedez. Sena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo