KRONIKA | dantzaz konpainiak egiako plazak hartu ditu
Aterperik gabeko antzokia, dantzari kalean ere oihartzuna emateko
Ixilik, ilunpean, besaulkiz beteriko antzoki erraldoia; pareko agertokian, berriz, dantzariak. Topiko horrekin hautsi eta dantza gizarteratzeko xedearekin jaio da Dantzategia, Donostiako Egia auzoko aterperik gabeko antzokia.
Nagore BELASTEGI
Jendarteak ez omen du kultura behar beste baloratzen, herritarrek ez omen dute denborarik tarte bat hartu eta antzokira joateko, are gutxiago bertan ikusiko dutena aspergarria izango dela uste badute. Zoritxarrez, gainera, ustez adituentzako besterik ez diren emanaldi ugari daude, horien artean dantza ikuskizunak. Baina, ez al da nahikoa eseri eta gorputzen mugimenduek diotena interpretatzen saiatzearekin? Hain zaila al da une horrekin disfrutatzea? Bada, zailena, antzokiranzko lehen pauso hori ematea da.
Hori jakinik, egoera zailari aurre egiteko hainbat ekitaldi ari da aurrera eramaten Dantzaz konpainia. Orain arte, gainera, ederki erakutsi diete konpainiako kideek donostiarrei dantza ez dela antzoki bateko lau pareten artean gorde daitekeen artea. Zurriolako hondartzan eskainitako “Naufragoak” ikuskizunak izandako arrakasta zein “Kameleoia” ekoizpen berria iragartzeko asmoz egindako dantza-poteoak piztutako jakin-mina ikusita, azken bi egunotan kaleak hartu dituzte konpainiako kideek. Egia auzoko kaleak, zehazki, Dantzategia ekimena aurrera eramateko Egia Kulturgunearen laguntza izan baitute.Zailtasunei aurre eginez
Eguraldi iragarpenei jaramonik egin gabe, ustekabeko lau dantza emanaldi eskaini zituzten atzo eta herenegun artean, auzoko txoko desberdinetan. Teloi ikusezina altxatzearekin batera hasi ziren emanaldiak, eta, pixkanaka, jendea hurbiltzen joan zen. Batzuek euren pausoa moteltzen zuten ikuskizunaren paretik pasatzean, eta, guzti-guztiak, atzera begira geratzen ziren, harridura aurpegiarekin batzuk, irribarrez besteak. Izango zen, ziurrenik, aurreikusitako eginkizunetara berandu helduko zenik ere, jakin-minak jota dantzaldiak iraun zuen ordu erdia bertan eman baitzuten askok. Haurrak ere gustura izan ziren begira, adi-adi; dantzariak imitatu zituenik ere izan zen. Txalo sortarik ez zen faltatu, ikusle inprobisatuek esperientzia berriaz gozatzen ari ziren seinale. Agian, hurrengoan, lau paretako antzoki batera joango dira dantza emanaldia batez gozatzera.
Dantzariekin batera koreografoak ere izan ziren protagonista emanaldietan, gonbidatu berezi batekin gainera: Frankfurteko Forsythe balleteko kidea den Jone San Martin dantzari donostiarra. Forsythe balletean ezagutu dituen Josh Johnson, Cyril Baldi eta Jacopo Godanirekin batera etorri da Euskal Herrira egun batzuk pasatzera. Hiru egun izan dituzte Dantzaz konpainiarekin koreografiak prestatzeko, baina inor ez da kikildu. «Oso denbora laburra izan dugu, lan azkarra da eta kontzentrazio handia behar da, baina dantzariak oso langileak dira eta oso atsegina izan da beraiekin aritzea», baieztatu zuen San Martinek.