GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | Manifestazioa Baionan

Instituzioa lortzeko bidea determinazioarekin zabalduz

Lurralde Elkargoaren aldeko mobilizazio jendetsua izan zen atzo Baionan, 5.500 lagun elkartu baitziren Lapurdiko hiriburuan. Lauga gelatik 17.30ean abiatu eta udaletxearen aurrean bukatu zen ibilbidea, aldarrikapen bakarra izan zelarik bidean: «Lurralde Elkargoa orain!». Eskaerak Ipar Euskal Herriko gizartean lortutako babes zabala agerian geratu zen.

p002_f02.jpg

Ainize BUTRON

Lurralde Elkargoa sortzeko eskakizunaren boza Parisek ozenki entzuteko manifestaldirako hitzordua emana zen atzo arratsaldean, 17.00ean, Baionan. Hala, «Lurralde kolektibitatea orain!» aldarrikapenari oihartzuna emateko xedearekin ibili ziren Baionako kaleetatik barna milaka lagun hautetsien gibeletik, udaletxean gauzatu zen ekitaldi nagusira heldu bitartean.

Ipar Euskal Herriko hautetsiak, auzapezak eta kontseilariak 16.30erako lekutuak ziren Lauga gelaren aurrealdean. Eta, ondotik, manifestariaren tenorea heldu bitartean, atzoko manifestaldia gorpuztu zuten herritarrak hurbiltzen hasi ziren. Bakarrik, familian edo kuadrillan hurbilduak, Ipar Euskal Herriko bazter guztietako lagunak bildu ziren bertan.

Lurralde Elkargoaren aldeko koordinakundea osatzen duten hautetsiak, gizarte eragile batzuekin batera ikusi ahal izan ziren «Lurralde Kolektibitatea orain - Une Collectivité Territoriale maintenant» esaldia zeraman manifestaldiko pankarta nagusiaren gibelean. Maite Lafourcade Zuzenbide irakasleak, Michel Oronos Euskal Konfederazioko kideak, Frederique Espagnac senatari sozialistak eta bere alderdikide Sylviane Alaux diputatuak, Martine Bisauta Baionako hautetsi eta Baterako kideak, Jean Baptiste Etcheto Garapen Kontseiluko buruak, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, Jean-Jacques Lasserre senatari zentristak edota Pantxoa Bimboire enpresaburu eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkariak eraman zuten pankarta.

Hasiera horretan, manifestaldiak 1999. urtean izandako departamenduaren aldeko martxa historikoaren irudiak ekarri zizkien gogora bertan elkartu zirenei. Orduko hartan bezala, Donapaleuko joaldunek ireki zuten martxa. Baina, 1999an ez bezala, Kontseilu Nagusiaren egoitzaren aitzinetik pasa eta Baiona Txikia zeharkatu zuen manifestaldiak. Lauga gelatik 17.00ak pasaturik abiatu zen desfilea, eta, herriko etxera arte zeharkatu zen ibilbidean, isiltasuna izan zen nagusi manifestazioan bildu ziren milaka lagunen artean.

Bildutako herritarren artean, Lurralde Elkargoa lortuz gero Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak eskuratuko lituzkeen eskumenak zehazten zituzten pankartak ikusten ahal ziren. Lurralde Elkargoa «etxebizitza politika eraginkorra bultzatzeko», «mugaz gaineko harremanak gauzatzeko», «garraio publikoa sustatzeko», «turismo orekatua sortzeko» edota «lekuko ekonomia garatzeko» izan ziren han-hemenka ikusi ziren aldarrikapenetako batzuk.

Ordezkaritza zabala

Manifestaldiaren irudi deigarriena parte hartzaileen aniztasunak utzi zuen, politika munduko ordezkaritza anitzarekin batera, gizarte eragile ugari bildu baitziren. Desfilean, besteak beste, Jurgi Ekiza Willis Drummond rock musika taldeko kantaria ikusi ahal izan zen. Ipar Euskal Herrirako instituzio bat sortzearen aldeko aldarrikapena betidanik sostengatu badu ere, Ainhizeko Laborantza Ganberan izandako hitzaldi batera joan ondoren hartu zuen manifestaldian izateko erabakia Ekizak. «Hitzaldi horretan ulertu nuen aspalditik nahi genuen aldarrikapen bat izateaz gain, egingarria den zerbait ere badela», zehaztu zuen. Momentuz helburua lortzea zaila izango dela jakin arren, Erkizarentzat Lurralde Elkargoaren aldarrikapenak «aitzinatzeko» gaitasuna duela frogatu du.

Willis Drummondeko kantariarekin batera, kultur munduko beste hainbat ordezkari ere bildu ziren manifestaldian: Peio Ospitale kantaria, Manex eta Ximun Fuch antzerkilariak, Mizel Theret koreografo eta dantzaria, Amaia Riospeyrous kantaria edota Xarles Videgain euskaltzaina, besteak beste.

Ekonomiaren sektoreari dagokionez, Merkataritza eta Industria Ganberako Pantxoa Bimboire eta Peio Olhagarayekin batera, enpresaburu ugari ere bildu ziren. Urdiñarbeko Jean-Jacques Etxeberrik nabarmendu zuenez, urte luzez instituzioaren alde eraman den lanak «hozka bat pasa» du atzoko manifestaldiarekin.

«Herria hor da, horrekin ez da arazorik, baina, hainbeste hautetsi ikusteak aldaketa bat planteatzen du gure proiektua zintzoa dela agertzen baitu», esan zuen. Horrenbestez, enpresaburu bezala, «gure euskalduntasuna eta hainbeste urtetan ukatua izan den lurralde hau hozka batez» pasa izana garrantzitsua dela azpimarratu zuen Etxeberrik.

Turismoarena da Lurralde Elkargoaren sorrerarekin aldarrikatzen den eskumenetariko bat, eta, horren eskatzeko, urtetan Biarno eta Ipar Euskal Herriko Turismo Batzordeko burua izandako Henri Lauque zegoen atzo Baionan. Hamar urtez Biarnoko turismoaren ordezkariekin lan egin ondoren, Lauquerentzat ez dago zalantzarik: «Euskal Herriko turismoak badu berezitasun bat». Praktikan horrela bada ere, instituzio berriaren sorrerarekin «Euskal Herria helmuga turistiko bezala lantzeko aukera» legokeela nabarmendu zuen. Eragile ezberdinen hitzak, beraz, atzoko mobilizaziora hurbildu ziren herritarren determinazioaren lekuko izan ziren.

Gizarte eragileekin batera, Euskal Herriko alderdi ezberdinetako ordezkari anitz bildu ziren Baionan. ABko Peio Etxeberri-Aintxart eta Felipe Bidart, Sortuko Xabi Larralde eta Amaia Izko bozeramaileak, Aralarko Rebeca Ubera edo EAko Lohitzune Txarola izan ziren, besteak beste. Ipar Euskal Herriko alderdiei dagokionez, Max Brisson UMPko departamenduko buruarekin batera, Modemeko Michel Veunac, UDIko Jean-Rene Etxegaray, Europe Ecologie-Les Verts alderdiko Alice Leizaguezahar kontseilaria eta alderdi sozialistako Marie-Christine Aragon eta Kotte Ezenarro izan ziren Baionan.

 

Hautetsi eta auzapezen babesa Ipar Euskal Herri osora heldu da

Atzoko manifestaldiak, berriz ere, ikustera eman zuen Lurralde Elkargoaren aldarrikapenak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hautetsi eta auzapezen artean lortua duen babes zabala. Frantses banderaren koloredun xingolak soinean zituztela, nonahi ikusten ahal ziren hautetsi eta auzapezak manifestaldian. Atzokoan Baionako kaleetan bilduz Lurralde Elkargoaren sorrerari dioten atxikimendua agerian jarri nahi izan bazuten ere, manifestaldiaren aurreko egunetan jada irudi deigarria emana zuten auzapezek manifestaldiaren alde kaleratutako deialdiarekin. Izan ere, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan dauden 159 herrietatik 108k eman zioten babesa manifestaldiari. Mapa batean begiratuz gero, Lurralde Elkargoaren aldarrikapenak Ipar Euskal Herri osoa estaltzen zuen.

Gainera, Ipar Euskal Herriko biztanleen gehiengoa biltzen duen Lapurdin lortu zuen babes handiena deialdiak. Angelu, Biarritz, Bokale, Basusarri eta Arrangoitze bezalako herrietatik kanpo, hautetsi guztiek bozkatu zuten alde. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo