GARA > Idatzia > Kultura

HAUR ETA GAZTE LITERATURA | "LABARREKO ITSASARGIA"

Itsasargiko misterioa

 


Xabier Etxaniz Erle

Neskatila bat, Ania, dugu hirugarren pertsona orojakileak narraturiko liburu honetako protagonista nagusia. Gurasoen arteko dibortzioa bideratzen den bitartean, Aniak egun edo aste batzuk igaroko ditu osaba Giusepperekin. Egun horien narrazioa baino, egun horietan Aniak aurkitzen duen historia baten kontaketa da liburua; nola egiten duen topo ezagutzen ez zuen osabarekin, nola bizi diren itsasargian eta itsasargian bertan, leku ezberdinetan, aurkitzen dituen pisten ondorioz nola eraikitzen duen osabaren eta itsasargiko neska baten arteko amodiozko historia.

Fernandezen estiloan gorabeherak daude, hasierako narrazio zinematografikoa edo deskribapen poetikoak -«herria labar zorrotz batean zegoen kokatuta, eta labarrean zehar gora eta gora egin zuen, zerua konkistatzeko ahaleginetan egongo balitz bezala»- aurki ditzakegu alde batetik, baina bestetik kontakizunean hutsune nabarmenak daude istorioari sinesgarritasuna eta erritmoa galaraziz. Giusepperen bizitzaren inguruko misterioa argitzen dituzten pistak oso modu bortxatuan aurkitzen dira; baina horren beste aldean dugu misterio horretan usteak ustel izanik Giuseppek Aniari ematen dion argibidea.

Aniaren bizitzari buruko liburua izan zitekeena osabaren misterioaren inguruko kontakizuna dugu; eta, alde horretatik, irakurle hau, kontakizunarekin disfrutatuta ere, kontu asko, gertakari asko, elkarrizketa eta gogoeta asko jakiteko, irakurtzeko, ezagutzeko gogoz geratu da. Baina idazleak beste istorio bat kontatu nahi izan du, labarreko itsasargian aspalditik bizirik dagoen maitasun misterioa, amaierarik ez duen misterio istorioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo