GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Zortzimilakoak | Denboraldiaren amaiera

Himalaiako erraldoietan berriro ere zaharrak berri

Montzoi-aurreko denboraldia amaitu da, eta, oro har, berritasunik edo jarduera ikusgarririk ez da egon. Everest izan da albiste gehien eragin dituen mendia. Bestalde, hainbat zortzimilakotan helikopteroekin eginiko erreskateek protagonismoa hartu dute.

p024_f01.jpg

p024_f02.jpg

p024_f03.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Zortzimilakoei dagokienez, amaitu berri den montzoi-aurreko denboraldia ez da historiara pasako. Hori diogu, bederen, Himalaiako erraldoi horietan egin diren jarduerak kontuan hartzen baditugu. Beste era batera esanda, ez da berrikuntzarik edo ekarpen nabarmenik izan.

Laburpen gisa honako izenburuak jar ditzakegu. Lehenik eta behin, Everest izan da begirada gehien jaso dituen mendia; kolore ezberdineko albiste asko sortu dira bertan. Bigarrenik, hildako ugari izan dira. Eta hirugarrenik, batez ere helikopteroekin egin diren erreskateek indar handia hartu dute.

Aurreratu dugun lehen zutabeari helduko diogu; Everest mendiari, alegia. Aurreko kroniketan aipatu genizuen denboraldi honetan begirada gehien jasoko zituen zortzimilakoa izango zela. Eta hala gertatu da.

Simone Moro, Jon Griffith eta Ueli Steckek hego isurialdeko bigarren kanpamenduan bizitako esperientzia latzarekin hasi ginen. Ondoren, Denis Urubkoren sokakide Alexei Bolotov errusiarraren heriotzaren inguruan idatzi genuen. Hain zuzen ere, aipatu ditugun alpinista horiek guztiak prest zeuden munduko mendi garaienean bide berriak sortzeko, baina aipatu ditugun egoera horiek dena pikutara bidali zuten. Eta bestetik, Dorje Gylgen eta Kenton Coolek Khumbuko koroa hirukoitza edo Nuptse, Everest eta Lhotse kateatu izanaren berria ere jaso genuen.

Azken berri horri, betiere kirol ikuspuntua azpimarratuz, Kim Chang-Ho hego-korearrak lortutakoa gehitu behar diogu. Bai, alpinista horrek Everesteko gailurrarekin hamalau zortzimilakoen zerrenda bukatu du. Aipatu behar da Chang-Hok zortzimilako guztiak, Everest barne, oxigeno artifiziala erabili gabe igo dituela. Hori lortzen Hego Koreako lehen mendizalea izan da. Hori guztia gutxi izango ez balitz, esan behar dugu errekor bat ere hautsi duela: aipatu dugun zerrenda amaitzen azkarrena izan da. Korearrak xede horrekin bukatzeko zazpi urte, hamar hilabete eta sei egun behar izan ditu. Gogora dezagun Jerzy Kukuczka poloniarrari «hamalauek» zazpi urte, hamaika hilabete eta hamalau eguneko denbora eskatu ziotela. Aipatzeko beste datu bat: Chang-Hok iazko Asiako Urrezko Pioleta irabazi zuen Himjung mendiaren (7.140 m) hego-mendebaldeko pareta lehen aldiz eskalatzeagatik.

Errekorrak aipatzen ari garenez, Mexikoko alpinista bat gurera ekarri behar dugu. David Liaño du izena, eta denboraldi berean Everesteko bi ohiko bideak igo dituen lehen mendizalea bihurtu da. Maiatzaren 11n Nepalgo isurialdetik gailurra erdietsi zuen, eta, astebete geroago, 19an, Tibetetik tontorra zapaldu zuen. Hori bai, argitu behar da bi jarduera horiek oxigeno artifizialarekin egin zituela.

Eta eskalada azpimarragarririk egon ez denez, beste errekor baten berri eman behar dizuegu: Yuichiro Miura japoniarrak Everest igo du 80 urterekin. Maiatzaren 23an gailurra lortu zuen, eta, era horretan, Min Bahadur Sherchan nepaldarrari errekorra kendu dio; duela bost urte, 76 urterekin igo zuen Everest mendia Sherchanek. Japoniarrarentzat ez da lehen errekorra; izan ere, 70 eta 75 urterekin ere erdietsi zuen errekor bera. Berezia da oso errekor horren atzetik ibiltzea, baina, irakurtzen ari zareten legez, ia obsesioa bihurtu da. Miurak lorpen hori sinatu, eta, «harritzekoa» bada ere, Sherchanek ere beste saio bat egin zuen. 81 urterekin, xede horren bila abiatu zen, azkenean etxera esku hutsik itzuli bazen ere.

Horiek guztiak dira, besteak beste, Everesten eman diren jarduera aipagarrienak. Gogora dezagun, guztira, 600 lagun baino gehiagok zapaldu dutela gailurra; hamarretik batek bakarrik egin du oxigeno artifiziala erabili gabe.

Kirol ikuspuntua alde batera utzita, kirolariek Everesten uzten duten zaborraren inguruan hitz bi egingo ditugu. Munduko mendi garaiena oso zikina dagoela behin eta berriz salatu da. Bada, bukatu berri den denboraldi honetan Nepal eta Indiako mendizaleekin osatutako espedizio bat garbiketa lanetan aritu da. Kanpaleku nagusitik tontorrera iritsi dira, eta ibilbide horretatik lau tona zabor jaso dituzte (botilak, hondakin solidoak...).

Bestalde, beste zortzimilakoei dagokienez, aipatu beharra dago, Everesten bezala, ez dela ekarpen nabarmenik edo jarduera berritzailerik izan. Oro har, munduko gailur garaienean bezala, mendizale asko eta asko zortzimilakoen bildumaren atzetik ibili da.

Hildakoak eta erreskateak

Aurreratu dugu Everesten 600 mendizale baino gehiago egin direla tontorrarekin. Bada, bederatzi mendizale ere hil dira munduko mendi garaiena igotzeko ahaleginean.

Agian, denboraldi honetan, Kanchenjungan izandako ezbeharrek izan dute oihartzun zabalena. Zortzimilako horretara abiatzen den mendizaleak jakin badaki mendi gogorra eta nahasia dela, batez ere 8.000 metrotik gora. Bada, guztira, 11 lagunek lortu dute denboraldi honetan gailurra zapaltzea, baina, tamalez, horietatik bost jaitsieran hil dira. Benetan kopuru handia da 11 lagunetik ia erdia Kanchenjungako aldatsetan geratzea.

Ezbeharrekin jarraituz, aipatzeko modukoa da ere Dhaulagirin gertatutakoa; izan ere, hiru mendizale zendu dira. Horien artean, Juango Garra katalana.

Eta Garra aipatu dugunez, erreskateei tartetxoa egin behar diegu. Zortzimilakoetan erreskate lanak oso zailak dira, baina aurtengo denboraldian helikopteroekin lan ederra egin da. Batez ere, Simone Morok gidatutako erreskate taldearen eskutik. Dhaulagirin, adibidez, Garra erreskatatzeko helikopteroa bidali zuen Moro berak, baina, zoritxarrez, ezin izan zuen katalana zegoen lekuraino heldu.

Bestelako zortea izan du Everesten Sudarshan Gautam mendizaleak. «Disability is Not Inability» izena zuen espedizioan hartzen ari zen parte; izan ere, bi besoak falta ditu. Maitzaren 20an gailurra egin ondoren, jaitsieran arazoak izan zituen. Hainbat sherparen laguntzarekin 7.800 metrora jaitsi zen, eta, ondoren, Maurizio Folinik gidatutako helikopteroak erreskatatu zuen. Bai, 7.800 metrora! Horrela bada, helikoptero batek inoiz egin duen erreskate garaienena erdietsi zuen Folinik. Ebakuazio hori longline bidez egin zen; hots, soka edo kable bat erabiliz.

Everest

Munduko mendi garaiena izan da berri gehien eskaini dituen zortzimilakoa. Guztira, 600 lagun baino gehiagok erdietsi dute gailurra; ia denek oxigeno artifizialaren laguntzarekin.

hildakoak

Kanchenjungan gailurra zapaldu duten 11 lagunetatik bost zendu dira jaitsieran. Everesten bederatzi mendizale hil dira eta Dhaulagirin hiru.

erreskateak

Everesten, Simone Mororen helikopteroaren gidari Maurizio Folinik mendizale bat erreskatatu du 7.800 metroko altueran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo