Pedro Miguel Etxenike eta Jose Maria Pitarke | UPV/EHUko katedradunak (*)
Hondoan hainbat leku dago
Heinrich Rohrer-ek aparteko ekarpena egin zien gaur egungo zientziari eta teknologiari Zürich hiriko IBMn zuen laborategitik Haren ondare intelektualak nazioartean entzute handia izango duen euskal komunitate zientifikoa sortzeko bidean gidari izaten jarraituko du
HEINRICH ROHRER (Buchs, Suitza), Fisikako Nobel sariduna. (1933ko ekainak 6-2013ko maiatzak 16)
Richard Feynman-ek, 1959an, (hau ere Fisikako Nobel sariduna) aski ezaguna den hitzaldia eman zuen, etorkizuna aurreikusiz: «There is Plenty of Room at the Bottom». Hitzaldi hartan Feynman-ek materia eskala atomikoan manipulatu eta kontrolatzeari buruz hitz egin zuen eta adierazi zuen atomoak eta molekulak banan-banan manipulatzea eragozten duen legerik ez dagoela, baina praktikan hori egiterik ez dagoela, handiegiak garelako. Hogei urte geroago, 1979an, Heinrich Rohrer eta bere laguntzaile gaztea, Gerd Binnig, hutseko tunel-efektuan oinarritutako tresna diseinatzen hasi ziren (ekorketazko tunel-mikroskopioa izango zena: STM, Scanning Tunneling Microscope). Tresnak aurreikuspen guztiak gainditu zituen: atomoak, materiaren oinarrizko osagaiak, banan-banan ikusi eta manipulatzeko aukera eman zuen eta nanoteknologiari ateak zabaldu zizkion.
Heinrich Rohrer-ek aparteko ekarpena egin zien gaur egungo zientziari eta teknologiari Zürich hiriko IBMn zuen laborategitik. Alabaina, hura ezagutzeko ohorea izan genuenok badakigu, jakin, 1963az geroztik IBMko ikertzaile izan zen zientzialari handi hura ez zela bikaina izan soilik lorpen zientifiko anitz gauzatu zituelako; oro har, ezezaguna dena aurkitzeko benetako grina erakusten zuen eta zientziarekiko ikuspegi zabal eta ausarta zuen, bai eta bere grina eta ikuspegi aparta adierazi eta kutsatzeko gaitasun izugarria ere.
Zientzia maite zuen. Euskal komunitate zientifikoarekin elkarlanean aritu zen eskuzabaltasunez eta une ahaztezinak bizi izan genituen elkarrekin. 2000. urtean Donostia International Physics Center (DIPC) zentroaren inaugurazio-hitzaldia eman zuen, «Txikia ederra eta ahaltsua da» izenburupean. Haren esanetan, aurrerabidea lortzeko xedez ezagutza aplikatzea ez da nahikoa; horretarako ideiak, uste osoak eta ekintzak elkartu behar dira, etengabe erabakiak hartzera garamatzatenak, betiere kalitatea bermatu nahian. Halaber, erakutsi zigun herrialde txikietan kalita- teak esparru guztietan egon behar duela eta gurea bezalako herrialde txiki batek biziraun ahal izan dezan hain beharrezkoa den kalitate hori hezkuntzari lehentasuna emanez bakarrik berma daitekeela.
Urte batzuk geroago Einstein-en Annus Mirabilis-aren ehungarren urteurrena ospatzeko DIPCk antolatu zuen hitzaldi-sortan, Rohrer nanoteknologiaz mintzatu zen «Nano is Different» hitzaldian. Bestalde, 2009an nanoGUNEren inaugurazioa ospatzeko gauzatu zen AtombyAtom ekitaldian, eskola adineko neska-mutilei zuzendutako topaketa batean parte hartu zuen, bertan ikasleei bere ibilbide pertsonala eta zientzialari gisa izandako esperientzia azaldu zizkielarik.
Duela hiru urte eskas, Passion for Knowledge topaketei amaiera eman zien, aparteko hitzaldi batekin: «Zientzia, lilura eta grina»; bertan zioenez, «zientzia lur berrietara eta lurralde ezezagunetara garamatzan bidea da; bide horri etengabe jarraitu behar diogu, zenbait alderdiren arteko orekari eutsiz: sen ona eta sormena, ezagutza eta inpartzialtasuna, lurralde zaharraren defen- tsa eta lehendik ezarritakoari aurre ematea, establishment-a eta adimen gazteak, grina eta asmoa; alegia, oraina eta etorkizuna. Zientzia abentura dugu». Eta abentura denez, indarrean dauden mugak gainditzea dakar. Hala, bada, bat gatoz berarekin muturreko lehiakortasunak sormena eta originaltasuna oztopatzen dituela dioenean, jakintzaren mugak gainditzeko horiek ezinbesteko ezaugarriak izanik. Rohrer-ek erakutsi zigun sormenaren eta ekintzaren askatasuna (bai eta huts egiteko askatasuna) sustatzea zeinen garrantzitsua den. Beti nabarmendu zuen zientzialariak jasotzen duen ordainketari dagokion lana egingo duelako es- peroan egon beharrean, zientzialariari egiten duenagatik ordaindu behar zaiola (berari Zürich hiriko IBMn hala ordaintzen omen zioten, goi-mailako zientzia egitea besterik eskatzen ez baitzioten) eta hori errentagarria dela oso.
Rohrer-ek buru kritiko eta argia zuen. Beti egin zuen merezi zuten ekimenen alde; eta hala egin zuen DIPC eta nanoGUNEren kasuan. DIPCrekiko elkarlana bereziki emankorra izan zen, foro zientifikoetan nahiz zientzia gizarteratzeko topaketetan parte hartu zuelarik. NanoGUNE abian jarri eta garatzeko egin zuen lana funtsezkoa izan zen, 2006. urteaz geroztik, Nazioarteko Aholku Batzordeko kide gisa. Hainbat modutara lagundu zuen, ez bakarrik ideia bikain eta paregabeak proposatuz, bai eta etengabe aholku emanez eta zeregin horri denbora eta ahalegina emankortasunez eskainiz ere. Behin eta berriro adierazi zuen ideiak pertsonen adimenean sortzen direla eta erakundeei ideia horiek zabaltzea eta ideia horien emaitzak ustiatzea dagokiela.
Hark utzitako ondare zientifikoak zientziaren, teknologiaren eta gizartearen aurrerabidea ahalbidetzen jarraituko du. Haren ondare intelektualak nazioartean entzute handia izango duen euskal komunitate zientifikoa sortzeko bidean gidari izaten jarraituko du. Haren giza ondarea (nortasun atseginaz, buru argiaz eta umore biziaz hornitua), izaera dinamikoa, zientziarekiko grina eta ikerketa zientifikoaz eztabaidatzeko gogoa gure oroimenean betirako geldituko dira.
(*) Pedro Miguel Etxenike UPV/EHUko katedraduna eta DIPCko nahiz nanoGUNEko lehendakaria da; Jose Maria Pitarke, berriz, UPV/EHUko katedraduna eta nanoGUNEko zuzendari nagusia.