GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gurutz Garmendia | Osinalde Auzolan ekimena

Zazpi euskal herriok bat egin dezagun

Sustrai sendoetatik bakarrik sor zitekeen kimu berria. Arrantzale sufrituen herria. Gaur egunaren azterketa zorrotza egin eta jatorriez harro agertzen den herria

Krisi garaietan omen gaude eta badirudi denok ere zalantzaz josita gabiltzala. Eta zorioneko krisiak hainbat eragin dauzka eguneroko bizimoduan. Ez da erraza gero aipatutako eraginen zerrenda egitea eta badirudi benetan ere gauzak okerrera doazela. Baina zenbat krisi dau- de? Ezagutzen dugu ekonomikoa eta pairatu ere bai. Hor dago energetikoa, hortxe gainean baita ere politikaren krisia eta politikoen ustelkeria. Eta zerrenda luzatu heinean, orriak eta orriak bete daitezke era guztietako krisiak aipatuz. Luze-luzea bai zerrenda, gezurteroen sudurren adinakoa, eta benetan ere ez ote da horixe bera hitzik egokiena gertatzen denaren berri emateko? Krisia deitzen dioten kaka hau guztia gezur handi bat besterik ez iza- tea? Zalantzak eta egonezina nagusi bazter guztietan, eta, ondorioz, galdera transzendentalak bi pezetako egunkarietan. Nondik gatoz eta nora goaz. Eta Platon eta Descartes. Eta greziar eta erromatar mitologia bazter denetatik, Egiptokoa ez baldin bada.

Eta benetan ere erortzear edo behintzat oso kolokan aurkitzen da pairatzen dugun sistema kapitalista globalizatzaile liberal berri, eta, zergatik ez, faxista ere bai. Baina zer etorriko da erorketa horren ostean? Ez da erraza jakitea. Jakizak, hi. Hau hasi besterik ez omen duk egin. Hamaika ikusteko jaioak gaituk. Eta horregatik dator hein handi batean geure jatorrien berri izateko gogo gero eta biziagoa. Eta ez da gero inori ere ezer kentzeagatik, baina euskaldunok nondik gatozen eta nora goazeneko galdera, era eraginkorrenean irudikatzeko gaitasuna izan dugu arbolen eredua jarraituz. Harreman oso berezia daukagu euskaldunok arbolekin eta izenak ere partekatu egiten ditugu eurekin. Haiek bezala izerdia jariatzen dugu, begiak dauzkagu, ipurdia... eta oso bereziki sustraiak eta jatorriak dauzkagu, enborra eta gaur eguna eta adarrak eta etorkizuna. Inongo plan estrategikorik aipatu ere egiten ez zenean, gure arbasoek eredu horrekin bat egiten zuten lan, eta, ondorioz, erabakiak ere horrela hartu eta antolatu. Aurreneko nondik gatozen jakin behar, gero non gauden ondo aztertu eta horren arabera geure etorkizuna irudikatu ahal izan. Hauxe, beraz, arbola eredua.

Eta egiak egia, itzela da euskal kulturako jakinduria. Europa zaharra deitzen zen kultura zabal eta aberats hartako ondorengo zuzena eta sustraiak mendeetako denboran oinarritzen dituena. Badirudi euskara bera ere hizkuntza soila baino zerbait gehiago izan zela jatorriz behintzat, eta oso zabaldua egon zela Europako mendebaldean gutxienez. Oso bestelako ereduak ezagutu izan ditugu euskaldunok eta badirudi benetan ere herri batzarrek, auzolanek eta herri ondasunek gizartea antolatzeko orduan garrantzi itzela izan zutela. Eredu erabat berdinzaleak landu eta bizi izan zituzten eta euskaldun guztiak libre omen ginen izate hutsez antzinako usadioen arabera. Geure buruaz harro egoteko argudioak dauzkagu, beraz, jatorriei dagokionez, sustraiez, alegia. Baina zer esan enborraz? Gure gaur egunaz alegia? Hortxe galdera zitala gero. Zer erako gizarte nazkantetan bizi gaituk gero? Denok zakiagu non eta nola bizi gaituken. Eta honek ez duk itxura onik.

Baina okerrak oker, alde onik ere bada, eta, adibidez, AHT deitzen den mamorro zikina martxan jartzeko sosarik ez omen dago, eta, bestalde, Euskal Herriko zenbait herri ere badirudi matxinatzen hasiak direla. Bada bai etorkizuneko adarretatik, kimu berriak ernetzen ari den zantzurik ere, iluntasunean ikusten diren argi izpiak bezalaxe. Hor dauzkagu Donostiako gazteen Aske Gunea, Gasteizko atxiloketak eta oso bereziki Ondarroako zubia.

Sustrai sendoetatik bakarrik sortu zitekeen kimu berria. Arrantzale sufrituen herria. Gaur egunaren azterketa zorrotza egin eta jatorriez harro agertzen den herria. Batzarrak, auzolana eta herri ondasunak ezagutu eta berriro berreskuratzea erabaki duen jende multzoa. Euskaldunen betiko berdintasun eta askatasun ere- duak sutsu eta irmo babestu dituen herria eta horixe beragatik hainbat aldiz zanpatua izan dena, baina kimuak hortxe daude. Iturri zaharretik datorren ur berria bezalaxe datoz, arbola zaharreko kimu berriak eta ardurak hartzeko ordua iritsi da. Preso eta iheslari guztiak etxeratzeko ordua iritsi da eta atxiloketa faxistak behin betikoz gelditzekoa. Behin ere ez garelako aske izango, gutako auzotarren bat preso dagoen bitartean. Urtza eta beste guztiak etxean eta libre nahi ditugu oraintxe bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo