GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko harri-jasotzaileak

Izeta III.ak eman du ezustea, bere anaia mendean hartu eta txapela jantziz

J.L.

Urrezko harri-jasotzaileen finalean, Izeta II.a zen garaipena lortzeko faborito nagusia, baina saio horretan eman zen atzoko ezusterik handiena, Izeta III.ak lortu baitzuen garaipena.

Izeta anaiekin batera Urruzuno bizkaitarra zen azkeneko saio honetan. Kirolari bakoitzak 100 kiloko kubikoa, zilindro zaharra eta bola erabili behar izan zituen. Hemen, kontuan hartzen da kirolari bakoitzaren pisua. Zenbat eta arinagoa izan, orduan eta denbora gehiago izaten du lanean aritzeko. Atzo ere bazegoen alderik, baina ez horrenbestekoa, beraz, denek garbi ikusten zuten zein izango zen txapelduna, baina Izeta gazteak lortu zuen garaipena. Izeta II.ak bi minutu izan zituen lanean aritzeko, sei segundo gehiago Urruzunok, eta hamar gehiago, berriz, Izeta III.ak.

Zilindroarekin onena Urruzuno izan zen, harria 31 aldiz berdindu baitzuen bizkarraren gainean. 30 jasoaldi lortu zituen Izeta III.ak, eta 28, aldiz, Izeta II.ak. Ondoren kubikoaren txanda iritsi zen, eta hor Izeta II.a izan zen onena, harria 19 aldiz jasota. 18 jasoaldi lortu zituen Izeta III.ak, eta 15 Urruzunok.

Azkenik, bolarekin aritu ziren lanean, eta berdinduta geratu ziren Izeta II.a eta Urruzuno, bakoitzak 21 jasoaldi lortu baitzituen. Izeta II.ak, berriz, 20 aldiz berdindu zuen harria.

Amaieran, Izeta III.ak lortu zuen txapela, guztira 69 jasoaldi lortu baitzituen. Atzetik, berriz, berdinduta geratu ziren Izeta II.a eta Urruzono, bakoitzak 67 jasoaldi lortu baitzituen. Hala ere, aiarrarentzat izan zen bigarren postua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo