GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | Espetxe politikaren kontrako asteburua

Korrika ala kantuan, presoak etxera ekartzeko aldarrikapena izan da nagusi

Ez da komeni goizeko ordu txikiak arte kontzertu batean egon eta gero euripean zortzi kilometroko lasterketa bati ekitea. Baina hori egin du asteburuan presoen eskubideen aldeko mugimenduak, Hatortxu Rock jaialdiaren hamabosgarren edizioa Lasterbidean lasterketaren lehengoarekin lotuz.

p002_f02_199x164.jpg

Martxelo DIAZ

Imanol Goñi izan zen azkarrena atzo Oiartzunen ospatu zen Lasterbidean lasterketan. 27 minutu eta 25 segundu erabili zituen Goiko Plazan abiatu eta amaitzen zen ibilbidea egiteko. Baina atzo Oiartzunen egindakoa ez zen lasterketa arrunta izan. Datu ugarik frogatzen dute hori. Adibidez, Goñik bigarren sailkatuarekin batera, Ibai Albarekin, zeharkatu zuela helmuga. Eta biek presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen duen banderola eskutan gurutzatu zutela helmuga.

Izan ere, atzo Oiartzunen antolatu zen lasterketaren zein larunbatean Atarrabian egin zen jaialdiaren helburu nagusia argia zen: euskal presoei elkartasuna adieraztea eta presoek pairatzen duten eskubide urraketa behingoz gelditu dadila eskatzea.

Korrika eginez erakutsi zuten elkartasuna Oiartzunen. 750 lasterkarik hartu zuten parte zortzi kilometroko ibilbidea egiteko. Preso bakoitzeko bana. Korrika txikia ere izan zen aldez aurretik, hain forma onean ez daudenek ere aldarrikapenarekin bat egiteko aukera izan zezaten.

Ibilbidea azkar-azkar egin zutenek ordu erdi baino gutxiago behar izan zuten. Azken postuetan heldu zirenek, berriz, ordubete pasatxo. Baina guztiak izan ziren atzo irabazle, eman zuten urrats bakoitza presoei elkartasuna adierazteko eman zutelako.

Guztien esfortzua eskertu zuten plazan bildutakoek, horren seinale korrikalariek helmuga zeharkatzean jasotako txalo zaparradak. «Euskal presoak etxera» oihuak ere ozen entzun ziren Euskal Herri osotik heldutako lasterkariak helmuga gainditzean.

Presoen eskulanak sari

Aldarrikapenak aldarrikapen, lasterketa ere bazen atzokoa, eta, hala, azkarrenek saria izan zuten. Presoek espetxetan egindako artisau lanak izan ziren atzokoan garaikur. Horrela, Imanol Goñik Unai Lopez de Okariz presoak Granadako espetxean Lasterbidean lasterketaren logotipoarekin egindako margolana jaso zuen. Bigarren eta hirugarren izan ziren Ibai Alba eta Xabier Escuderok ere presoek egindako eskulan bana jaso zuten.

Emakumeen artean, Lourdes Oiartzabal izan zen azkarrena. Hala, Mikel San Argimirok Granadako espetxean egindako koadroa jaso zuen. Bertan ere Lasterbidean ekimenaren logotipoa azaltzen zen. Naiara Casik eta Nere Arregik osatu zuten emakumeen podiuma.

40 urtetik gorakoen artean, Xabier Escudero izan zen azkarrena gizonezkoen artean eta Lourdes Oiartzabal emakumeen artean. 20 urtetik beherakoen artean, berriz, Josu Azkune eta Maialen Saenz izan ziren lehenak. Guztiek jaso zuten saria. Baita maila bakoitzean bigarren eta hirugarren geratu zirenek ere. Dortsaleko azken zifra gisa zazpi zenbakia zutenek ere jaso zuten oroigarria.

Presoen eskubideak ez ezik, senideenak ere aldarrikatu zituzten atzo Goiko Plazan. Etxerat elkarteak antolatutako ekitaldian, sakabanaketaren ondorioz hamasei senide hil direla gogoratu zuten. Eta omendu ere omendu zituzten, guztien argazkiak oholtza gainera igo baitzituzten. Udaletxeko balkoi nagusitik euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen duen banderola erraldoia ere eskegi zuten.

Jone Balerdik nabarmendu zuenez, astebururo milaka kilometro egin behar dituzte senideek sakabanaturiko presoak bisitatzeko. Hamasei seniderentzako sakabanaketa heriotza zigorra izan da. Beste askok, berriz, osasuna galdu dute urtetan hainbeste kilometro egitera behartu dituztelako. Ondorioz, ezinezkoa zaie egun espetxeetara joateko bidaia luzeak egitea. «Sakabanaketa presoak bakartu eta herritik aldentzeko jarri zuten martxan. Hori ez dugu onartuko eta martxan gaude. Baina prezio izugarria ordaindu behar izan dugu. Bizia ere eman behar izan dute gutako zenbaitek», adierazi zuten.

Hori dela eta, ezinbestekotzat jo zuten sakabanaketarekin ahalik eta lasterren amaitzea. «Neurri hau mantentzen dutenek duten erantzukizuna salatu behar dugu», gaineratu zuen Balerdik.

Hasiera batean Lasterbidean proba behin bakarrik egiteko asmoa bazegoen ere, antolatzaileek euskal preso guztiak etxean izan arte lasterketaren edizio berriak prestatzeko asmoa plazaratu zuten atzokoan. Horrekin batera, Lasterbidean ekimenaren lehen edizioa antolatzeko lan egin duten guztien ahalegina eskertu nahi izan zuten antolatzaileek.

Jarraian, herri bazkarian indarrak berreskuratu zituzten bildutakoek. Izan ere, arratsaldean zehar kontzertuak zituzten zain eguna borobiltzeko.

ARANTZA GARBAYO

Hogei urte espetxean eman eta gero Algecirasko kartzela utzi berri duen Arantza Garbayori harrera beroa egin zioten larunbatean Bilboko Otxarkoaga auzoan. Garbayo 19.30ak aldera heldu zen Ugarte plazara, Andaluziatik bide luzea egin ondoren.

Nekerik ez Hatortxu Rock jaialdian

Traba eta oztopo guztien gainetik, hamabost edizio bete ditu jada Hatortxu Rock jaialdiak. Gainera, aurrera jarraitzeko indarrez daudela nabarmendu zuten antolatzaileek Atarrabiako karpan larunbat gauean egin zuten ekitaldian. «Ez gaude batere nekaturik. Baina, modu berean, ez gaude batere pozik. Ez dugu ezer ospatzeko, Hatortxuren helburua desagertzea baita», nabarmendu zuten. Hori bai, euskal presoek eskubide urraketak pairatzen dituzten bitartean jaialdiak bizirik iraungo duela gaineratu zuten. «Bitartean, denok lanera, ahal den esparruan eta neurrian, errepresaliatu guztiak etxeratu arte», egin zuten dei. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo