GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Arrazoi guztiak ditugu

Postfeminismoaren erradiografia» izeneko artikulu batean, feminismoaren inguruko gogoetak, korronteak, autoreak eta abarrak jasotzen dira. Hilda dago, bizirik dirau, zentzugabea da, inoiz baino zentzu handiagoa dauka, aldekoak, kontrakoak... zurrunbilo horren erdian, ondorio argi bat, gutxienez, atera daiteke: «ismo» guztien artean, bera da eztabaida sutsuena pizten jarraitzen duena. Ona, bai horixe, emakumeontzat. Beharrezkoa, ez badugu gure burua engainatuko, guk geuk, ezta engaina gaitzaten utziko. Izan ere, eztabaida bera bizirik egoteak bi gauza erakusten ditu: mugimenduak oinarrian duen xedea lortu barik dagoela eta xedea gauzatzeko borroka, mundu mailan, indartsu dabilela. Alegia, egun kontrakoa badirudi ere, batik bat munduaren mendebaldean, emakumea esparru guztietan gizonen pare dagoela eta zein bizimodu mota eraman bere esku baino ez dagoela, ez garela gezur hori onartzen ari.

«Feminismoak huts egin du», «feminismoaren iraultzaren porrota» eta halakoak zabaltzen dituzte batzuek, eta kopuruz lagundu adierazpenok: Espainiako Estatuan, balio bereko lanagatik, emakumeak soldata %22,5 txikiagoa jasotzen du, enpresetan emakumeak langileen %37 dira, erdiko agintaritza postuetan, baina, %22 baino ez, eta, zenbat eta gorago egin piramidean, orduan eta ehuneko txikiagoak, kristalezko sabaia deritzona egon badagoela erakutsita. Amatasuna horrekin lotuta, jakina; Europako tasarik baxuenetakoa haurrak edukitzeari dagokionez, eta lan uzte maila handia umeak eduki bezain laster. Bata ala bestea, familia ala lana, ataka horretan segitzen dugu emakumeok hemen. Eta jarraitzen dugu indarkeria matxista pairatzen, edonon; urtero, hotzikara eragiten duten eraildakoen kopuruak izaten. Jarraitzen dugu irakurtzen gaztetxoen artean desagertu ez eta indarrez jotzen ari dela: gero eta nerabe gehiago joaten dira tratu txarrak jasotzen dituztenen emakumeentzako arreta-zentroetara, teknologia berriak kontrol zorrotzerako gailu gisa erabiltzen dituzte, maitasunaren inguruan duten ideia gero eta urrunago dago elkarrekiko begirunetik... Laburbilduta, emakumeenganako indarkeriaren haziak barreiatzen jarraitzen du. Hala ere, alderdi politikoak eurak ere ez dira gai kondenatzerakoan ados jartzeko, terminologia argia eta ez nahasgarria erabilita; «badaude emakumeak genero-indarkeriak jota hiltzen direnak», unean uneko arazoa balitz bezala; «egoera hau salatzen dugu», indarkeria matxista, erailketak, salatu beharrean. Bestetik, krisiaren karira inposatzen ari zaizkigun murrizketak, lan-erreformak eta abarrak emakumeak ari dira kaltetzen gehienbat, bereziki.

Eta abar. Feminismoak huts egin duela? Jada ez duela izateko arrazoirik? Izan zuen egun desitxuratzen ari zaizkiguna lortzeko, eta badauka gobernuetatik berriz bizimodu jakin batera kondena ez gaitzaten bermatzeko. Ez da feminismoa kale egin duena, jendarte eredua baizik. Piramideetan, etekinetan eta klaseen iraunkortasunean oinarrituta. Eta jakin badakigulako, ez gaitzatela engainatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo