GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako Txapelketa

Esnaolak txapela lortzeko hautagaitza aurkeztu du

Legorretako segalariak irabazi zuen Zizurkilen jokatutako finalerdia, eta berarekin batera, Lizasok, Garaialdek eta Alkortak ere lortu zuten ekainaren 22an Aian jokatuko den final handian aritzeko txartela.

p040_f02.jpg

Jon LEUNDA

Igor Esnaolak Gipuzkoako txapela irabazteko bere hautagaitza aurkeztu zuen herenegun Zizurkilen, hantxe jokatu eta irabazi baitzuen kanporaketa. Legorretakoak argi eta garbi utzi zuen lehen ere nazioarteko eran nolako maila zuen, baina lehen aldiz plazaratu zen betiko eran, eta irabazi egin zuen, hor ere maila bikaina eman dezakeela argi eta garbi utziz.

Gezurra badirudi ere, euria, haizea eta hotza izan ziren Zizurkilen jokatu zen kanporaketako protagonistak, negu erdiko giroa izan zuten segalariek. Belarra ez zen handi horietakoa, baina inolako aitzakiarik gabekoa zen. Eguraldi txarra izan arren, jendeak bikain erantzun zuen. Zortzi aritu ziren lanean, eta bi txandatan banatuta. Bakoitzak 920 metro karratu zituen ebakitzeko, bost sailetan banatuta. Txanda bakoitzeko bi onenek lortzen zuten txartela, eta Esnaolarekin batera, Lizasok, Garaialdek eta Alkortak lortu zuten hasierako helburua. Finalerdi honetan, bakoitzak ordu erdia izan zuen lanean aritzeko.

Ustez, lehen txanda zen bietan gogorrena. Bertan, Esnaola, Lizaso, Ormaetxea eta Goenaga lehiatu ziren. Legorretakoak hasieratik jo zuen, eta sailetan lehenengo jarri zen. Sekulako abiadan mozten zuen. Atzetik, Lizasok jarraitzen zion, eta atzerago, Ormaetxea eta Goenaga. Bi hauek erritmo lasaiagoan mozten dute, baina, adituen ustez, oso behetik; izan ere, hemen kiloek agintzen dute, nahiz eta txukun mozten ez duenak zigorrak ere jaso ditzakeen.

Esnaola izan zen sail guztiak amaitu zituena, eta berak amaitutakoan bukatu zen lehen txanda hau. Ondoren, pisaketaren zain egon behar, eta Legorretakoak lortu zuen lehen postua, Lizasoren aurretik, eta biak berriro ere finalean ikusi eta neurtu ahal izango dira. Azkenean, beraz, sailetan joan ziren eta amaitu zuten bezalaxe geratu zen sailkapen nagusia ere.

Berriak

Bigarren txandan, Gabirondo, Garaialde, Alkorta eta Pardo lehiatu ziren. Alkorta zen hiruretan ezagun bakarra. Pardo lehen ere aritua izan arren, oraindik berri samarra da, eta Garaialde eta Gabirondo, azken hau Joxe Gabirondoren iloba, berriz, lehen aldiz plazaratu ziren Gipuzkoako Txapelketan.

Gabirondok eta Garaialdek sekulako joa erakutsi zuten hasieratik. Sailetan hastapenetik jarri ziren aurretik, eta bien arteko dema izan zen amaierara arte. Atzetik, Alkorta, multzo honetako faboritoa, eta azkena, Pardo.

Horrelaxe joan ziren amaieraraino. Hasieran Alkorta bi gazteen parean ibili zen, baina gero amore eman behar izan zuen. Hala ere, helburua ez zen sailetan aurretik ibiltzea, kiloak lortu eta finalerako txartela lortzea baizik, eta han izango da Asteasun bizi den donostiarra. Oraingo txanda honetan, inork ez zituen bere sailak amaitu, eta Gabirondok eta Pardok zigor bana jaso zituzten eta 20 kilo kendu zizkieten. Hala ere, ez zuten sailkapen nagusian inongo eraginik izan.

Ordu erdiko lana amaitutakoan pisaketaren txanda izan zen, eta hor Garaialde atera zen irabazle, eta Alkorta bigarren. Hauek ere ekainaren 22an Aian jokatuko den finalean izango dira, hantxe erabakiko baita aurtengo txapelduna. Finalean ordubeteko lana izango dute.

Ezustea

Finalerdian egon ziren ikusleentzat, Garaialdek eta Gabirondok eman zuten ezustea, itxura oso ona eman baitzuten. Lehen aldiz plazaratu dira aurten, eta etorkizun handia izan dezaketela erakutsi zuten biek.

Agintea

Igor Esnaolak maila handia eman izan du nazioarteko erakoan, eta orain maila bera eman dezakeela erakutsi zuen era tradizionalean ere. Finalerdian irabazteaz gain, itxura paregabea eman zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo