GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Langa langaren atzetik

Orduan udaberria udaberri izan zen eta sekulako eguraldia egin zuen. Egun haiekin dudan oroitzapenetako bat da hori; bestea, lehen eguneko probak amaitu eta etxera itzulitakoan sentitzen nuen larria. Lasaitasun hitzak errepikatzen zituzten bitartean prestatu zidaten afaria gurasoek, baina platerean jarritako hura tenedorearekin dantzatzeko bestetarako adorerik ez nuen iluntze hartan. Urdaila bete-betea sentitzen nuen, urduritasunez lepo.

Hiru egunetan zehar egin genituen selektibitateko azterketak, eta denak amaitu eta ikasgeletatik ateratakoan etxera itzuli eta egin nuen loaldia ere ez dut ahazten. Hura deskantsua! Amaiera ospatzeko egin genuen parranda ere oso ondo oroitzen dut. Orduan behintzat tradizioa zen selektibitatea bukatutakoan sekulakoa botatzea; urrutitik atzematen zitzaigun ditxosozko selektibitatea amaitu eta parrandan genbiltzanak zeintzuk ginen, bai kopetan plastikozko zakila hartuta dabiltzanei despedidan dabiltzala nabaritzen zaien adina.

Urte mordoxka pasa da ordutik, baina azterketak abiatzear daudela entzuten dudan bakoitzean berritzen zaizkit egun haietako oroitzapenak eta urdaileraino etorri orduko sentipenak.

Seguru nago lerrook idazten ditudan bitartean nondik errepasatzen hasi ez dakiten ikasle mordo bat izango dela, zenbaitek existitzen ez diren gaiekin amets egingo dutela eta guztiak selektibitatea ankerkeria potoloa dela esan eta esan arituko direla. Azken honetan ez zaie arrazoi izpirik falta, hiru egunetan egiten diren azterketetan dakizun hori demostratzea eta haren arabera ateak zabaldu edo itxiko zaizkizula onartu beharra ez da-eta erraza. Are gehiago, azterketon emaitzek buruan dituzten ikasketak egiteko ateak zabaldu eta ondoren, haiek ordaindu eta osatzen badituzte ere, lan merkatuan zirrikitu bat egitekotan beste zailtasun batzuk gainditu beharko dituztela kontuan hartzen bada. Langa langaren atzetik, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo