GARA > Idatzia > Mundua

Ipar Korearekin izandako krisialdiak Parken onarpen maila eskasa hobetu du

Hego Koreako presidenteak, Park Geun Hye-ek, ehun egun beteko ditu gaur boterean. Ipar Korearekin izandako gatazkak markatu du bere agintaldiaren hasiera. Gerra mehatxuak, ordea, lagundu dio etxe barruko arazoak direla-eta jaso dituen kritikak nolabait arintzen.

p025_f02_097x084.jpg

GARA | SEUL

Duela ehun egun karguaren zina egin zuenetik, Park Geun Hye presidente korearrak Ipar Koreako krisiari eta gerra mehatxu bati aurre egin behar izan die. Herrialdean bertan ere hainbat arazo izan ditu. Maiatzean, Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen bidaian, bere bozeramaile Yoon Chang-jung praktikak egiten ari zen 20 bat urteko gazte bati erasotzeaz akusatu zuten. AEBetako enbaxadak kontratatu zuen gaztea Parken bisita zela-eta. «Washington Post» egunkari estatubatuarraren eta Yonhap albiste-agentzia korearrak esan zutenez, «ipurditik heldu zion baimenik gabe».

Yoonek dena ukatu zuen BBC kate britainiarrean argitaraturiko idatzi batean. Gertaturikoa «kultura desberdintasunek eragindako gaizki-ulertu bat izan» zela argudiatu zuen.

Halere, presidentearen bulegoak neskari, haren familiari eta Hego Koreako herritar guztiei barkamena eskatu zien. Gertatutakoa «onartezina» zela ere esan zuen.

Afera horregatik Parken prentsa buruak, Lee Nam Ki-k, ere bere kargua utzi zuen, Yoonen buruzagia zelako eta presidenteari gertatutakoaren berri berandu eman izanagatik.

Dimisioak eta blokeoa

Otsailean presidente izendatu zutenetik, zazpi goi kargudunek dimisioa aurkeztu dute arrazoi desberdinak tarteko, gehienak ustelkeria delituengatik.

Horrez gain, Legebiltzarraren blokeoak Gobernuaren lana oztopatu du azken asteetan. Seulen egoitza duen Asan Institutuak egindako azken inkestaren arabera, presidentearen onarpen-maila nabarmen jaitsi zen martxoaren amaieran.

«Eskuzabala izanik, giza harremanen kudeaketan `eskas' bat ematen diot», esan zuen Sogang unibertsitateko soziologia irakasle Chun Sangchin-ek, eta Alderdi Demokratak oposizioaren iritzia gehiago kontuan hartzeko eskatu zion Gobernuari.

Legebiltzarreko taldearen buruak, Jun Byung Hunek, Hego Koreari dagozkion gai garrantzitsuenetan protagonismo eskasa eduki izana eta sektore publikoaren oinarriak desagerrarazi izana leporatu zion.

Alabaina, Ipar Korearekin izandako krisiak nolabait mesede egin dio, bere onarpen-maila hobetu baitu. 2012ko amaieran egin zen hauteskunde kanpainan, korearren %8k bakarrik nabarmendu zituzten Ipar Korearekiko harremanak. Apirilean, Piongiangen gerra mehatxuak pil-pilean zeudenean, korearren ia herenak gai garrantzitsuenen artean aipatu zuen Ipar Korea.

Alta, Piongiangnen mehatxuak eta adierazpenak murrizten diren heinean, korearren eguneroko kezkak, alegia, langabezia eta ongizate sistema, gailentzen hasi dira berriro ere.

epe luzera

Ipar Korearekin izandako krisialdiak Park presidentearen onarpen-mailak gehiago ez jaistea lortu du. Tirabira horretatik onik atera bada ere, epe luzera, Piongiangnekin lan egiten ikasi beharko duela ohartarazi zuen Choi Jin adituak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo