GARA > Idatzia > Kultura

Euskal taldeek toki berezia izango dute Bilbao BBK Live jaialdiko «Vodafone yu:» karpan

We Are Standard, Delorean, Zuloak, Skasti eta Herri Oihua arituko dira bertan, besteak beste, Standstill, Miss Caffeina eta Fuel Fandangorekin batera. Uztailaren 11tik 13ra ospatuko da jaialdia Bilboko Kobetamendin.

p049_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Bilbao BBK Live jaialdiak toki berezia egin die euskal taldeei «Vodafone yu:» karpan, han arituko baitira We Are Standard, Delorean, Zuloak, Skasti eta Herri Oihua. Agertoki horretan izango dira beste hainbat talde eta DJ. We Are Standard getxoztarrak uztailaren 13an arituko dira eta «Day» lan berria aurkeztuko dute. Diskoak Eric Broucek du ekoizle (LCD Soundsystem eta Hercules & Love Affair) eta taldearen «une bikaina eta heldutasun maila» islatzen ditu, Last Tour Internationalek iragarri zuenez.

Bartzelonan bizi diren Deloreaneko zarauztarrek uztailaren 11n joko dute. Euren musikak mugak gainditu ditu eta Europako nahiz AEBetako kritikari adituen begirunea lortu du.

Era berean, euskal rockak Zuloak taldea ere izango du ordezkari. Riot grrrl joerako taldea da Fermin Muguruza musikari eta zuzendariaren azken dokumentaleko protagonista. Bestalde, Skasti talde zarauztarra ere, Gaztea irratiko maketa lehiaketa irabazi ondoren, bertan izango da, baita 2012an Banden Lehia irabazi zuten Herri Oihua barakaldarrak ere.

Karpa berean izango dira Miss Cafeina, Delorentos, Standstill, Lluis Albert Seguraren L.A. proiektua, Fuel Fandango, Banda de Turistas, Los Zigarros eta You Don't Know Me.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo