GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz Buruko Txapelketako finalerdia

«Material biziegiarekin gabiltza»

Aimar Olaizolari gehiegizkoak iruditzen zaizkio buruz burukoan azken urteetan erabiltzen diren pilotak, baita larunbaterako laurak ere.

p043_f01_654x456.jpg

Jon ORMAZABAL

Larunbatean erabiliko dituzten pilotei buruz galdetuta, aspaldikoa duen aldarrikapena atera zuen atzo mahai gainera Aimar Olaizolak. Prentsa areto berean, Abel Barriolaren aurkako 2011ko Lau eta Erdiko finalerdietako partida erabakigarria jokatu bezperan «egunen batean erremonteko pilotekin jokatuko dugu» azaldu zuen goizuetarrak, eta bide beretik, azkenaldian buruz buru «pilota biziegiekin» jokatzen dela nabarmendu zuen.

Gehiegizkoak iruditzen zaizkio Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatzeko aukeratutakoak, bai Zaratamokoarenak eta bai bereak, baina bere kexua harago doa. «Nik esango nuke, laurak ere pilota biziegiak direla. Beti esaten dut gauza bera, gaurko egunean pilota biziegiekin jokatzen dela uste dut eta gaurko laurak ere hala dira buruz buru jokatzeko».

Hori bai, egungo buruz buruko txapeldunak inork ez bezalako dohainak ditu edozein egoeratara moldatzeko eta ez zuen ukatu berak ere badakiela etekina ateratzen halako materialari. «Garbi dago, buruz buru, sakea duenak mina egin nahi izaten dugula eta kristoren pilotoi horiek baldin badaude, horiek aukeratzen ditugula», adierazi zuen Goizuetakoak.

Zuzenean ezer aipatu ez bazuen ere, pentsa daiteke adierazpen hauek igandean Atano III.ean jokatutako partidak baldintzatuak izatea, askoren iritziz, Irujok Oinatz Bengoetxearen aurka ateratako bat, frontisetik irteera handia zuena, gehiegizkoa baitzen. «Atanon nik ikusi nuena, zuk eta mundu guztiak ikusiko zuen, eta horrekin nahikoa esanda dago», azaldu zuen Asegarcekoak.

Horren harira, Asegarcek erabiltzen dituen pilotak Aspekoak baino egokiagoak direla, atzokoak barne, azaldu zuen. «Nik uste dut pilota klase desberdinak direla. Normalean beste enpresak beste pilota klase bat erabiltzen du, beste marka batekin eta normalean horiek irteera bastante gehiago izaten dute»

Urrutikoetxea, gustura

Bere aurkari izango den Mikel Urrutikoetxeak pilota arinxeagoak, mugitzen errazagoak direnak aukeratu zituen, baina ez zien aparteko arazorik aurkitu atzo saskian aurkitutakoei.

«Aurreko partidetan gustura geratu naiz aurkitutako materialarekin, nire bi partidak luzeak atera dira, eta bueno, agian gaurkoak pixka bat bizixeagoak dira, baina ez dago inolako arazorik», azaldu zuen.

Nabarmendu beharrekoa da final-laurdenetan Urrutikoetxeak eta Mikel Idoatek Miribilako pilotaleku berean jokatutako partidan -22-18 irabazi zuen bizkaitarrak- 381 pilotakada gurutzatu zituztela, azken hamaika urteetan sekula eman den pilotakada kopururik handiena.

«Agian harrigarriagoa da horrenbeste denbora hain ondo aritzea»

Finalerdia astebete atzeratzera eraman zuen eskuineko eskuko minak onera egin omen du eta larunbatean jokatzeko moduan egotea espero du Aimar Olaizolak, nahiz eta partida horretara entrenamendu gogor bat egin gabe iritsiko omen den.

Astelehenean aritu zen frontoian pixka bat piloteatuz eta sentsazioak onak izan ziren, baina partidan ikusi behar nola dagoen. Azken erreferentzia, beraz, Barriolaren aurka jokatutako partida da eta ez zuen erabat gustura amaitu Goizuetakoak, nahiz eta 22ra iritsi.

Txispa apur bat falta duela nabari du, «baina ez da harritzekoa, denbora asko daramat geratu gabe eta oso maila onean, harritzekoagoa da hainbeste denboran horren ondo egon izana. Pertsona naiz eta gorabeherak ditut beste denek bezala». J.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo