GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Mundu hau

 

Euriak irentsiko gaitu!». Hitzetik hortzera ibili dugu izua, azken zientoka egunetan. Meniarik gabe izan dugu zerua negarrez, soro, baratze eta esperantza oro urpean galaraziz. Handik eta hemendik, beti hedabide handien bozgorailuetatik aparte zabaldu da aldaketa klimatikoa ez dela etorkizuneko kontua, jada hemen dagoela gure ateetan kas-kas deika. Eta aurrerantzean, zer? Galdetzen diote zuhurrenek euren buruari. Pentsatze hutsak hezurrak dardaran jartzen ditu: geure urtaroak, geure garia, artoa, erleak, geure ekosistema bera, arriskuan ote dagoen.

Halakorik ezagutuko genuela inork gutxik pentsa zezakeen kontua zen, baina hemen dago, eta ez dago atzera bueltarik, dagoeneko. Geure umeei so egiten diegu, eta ez dakigu guk ezagutu genuen mundu hura ezagutuko ote duten, plastikozko janaria jaten eman beharko duten zahartzaroa, BAP-en kanta hartan bezala: «Txakurren haragia, hanburgesak egiteko, Koka-kola botilak, hautsez egindako edariak». Eta ezin esango dugu inork abisatu ez zigunik. Hamarkada luzeak dira zientzialari zintzoren bat oihuka ziharduela. Irri egiten zioten, iseka batzuetan, boterearen aldeko zientzialari salduek. Deabruak betetzen omen zituen haien txosten katastrofistak. «Komunismoak elikatzen ditu zientzialari ekologista horiek». Ez dute inoiz gezurretarako enbarazurik izan. Gose da boterea, ez du errukirik, ez da geratuko. Horregatik ezagutzen ditugu futbol izarrak geure patuaz zinez dakiten zientzialari eta adituak bainoago: egia ez, ahanztura nahi dugulako. Gero gerokoak. Euria eternala, kaosa, hondamendia. Orain euria ari duela, beraz, ez daitezela negarrez etorri. Abisatuta zeuden. Kezkatuta daude haien oporrekin, baina ez dira oporrak galduko dutena: geure mundua da. Guztiona. Daukagun bakarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo