Pello ZABALA | Eguraldian aditua
Egunaren zabaleroa
Ahazturik geneukan egun betearen luzeroa eta zabaleroa. Horrenbeste egun laino eta hodeipean, gehienean bustian, igaro ostean, egia da ezin ginela ahantzi eguzkiarekin. «Noiz atera behar du eguzkiak?»... Horixe genuen galdera errepikatua.
Eguzkiak ez zuela failorik, behin eta berriz aspergabe erantzutea erabaki nuen, galdera hutsalaren haserrea ezin disimulatuz. Inor bada -esaten nien-, eguzkia da bere orduan lanerako fitxatzen duena. Eta bera, dagokion unean txintxoen erretiratzen dena. Ez dugula hartan ikusten? Hori hodeiez azpiko gure gertuko errua da. Guk ez daukagu eguzkiarengan hainbesteko eraginik. Baina bai, eta gehiegi jada, gure arnasa dugun atmosfera gertukoa zikintzen eta nahasten.
Eskerrak gure Bizkaiko golko deitzen diogun txoko honen sanidadeari. Hainbeste egunetan euri eta euripean ia-ia lizundu bagara ere, gure erreka txiki axkarrak portatu dira. Ezin konparatu Danubio eta beste, horrenbesteko lanak ematen ari diren horiekin. Baina han, euri-jasa eta ekaitzak izan dira nahasleak. Euri-jasen tamaina eta ekaitz punpatuen ekarria baitira sortzen dugun beroak azkartzen dituenak; eta areago, geure bero geuk sortu horrek ez badu aideetara nola joanik, hodei eta lainotzak mantarena egiten diolako.
Aste honetako egun garbi luzatuek asko erakutsi digute. 60 ordutik gora kosta zitzaion airearen hezetasun pixua arintzen, lehortzen eta gardentzen. Baina astearteko egun garbiak lezio bikaina utzi zigun. Goizetik jaikitzeko axkarrenera iritsita dago eguzkia. Gaur goizean 04.45ean jaiki da eguzkia: alegia, bostak laurden gutxian. Minututxo bat azkartuko du bere jaikiera igandean, eta minutu horretantxe, 04.44an jaikiko da, harik eta 20an apurka berandutzen hasiko den arte, oso mantxo bada ere.
Arratsaldetik dabil patxadosoago, erretiroa atzeratuz eta, bidenabar, arrats eta iñular giro koloredun zein baino zein apartagoak oparituz. Gaur eta bihar 07.43an ezkutatuko zaigu. Etzi eta etzidamu, 07.44an. Hurrengo bi arratsetan zortziak laurden gutxian. Eta holatsu, udan sartu arte, non eta zortziak hamaika gutxian egingo duen bere erretiro luzeena, ekainaren 22an hasi eta uztailaren 3ra arte. Gozatu, ahal bestean, arrats luze bikain horiek.