Andres Osa | «Sakona»
Reala, Montanier eta GARA
Itzelezko jokoa dastatu dugu! Futbol partida asko eman ditu puntuak metatzen, hasiera motela izan bazuen ere. Lan ixil eta onaren fruituak jaso dira. Garaipenek eta batez ere joko onak ase gaituzte. Halabeharrez? Ez. Montanierren gizontasuna, itxurakeriarik gabeko seriotasuna, pazientzia, ausardia, kontzeptuetan argitasuna... guzti horren ondorioa izan da, eta noski, giza talde gazte eta sanoa aurrean izanik, kanpotar batzuk tarteko euskal labela da, Reala. Goraipamena Aperribairi eta klubeko arduradunei. Badiolak utzitako sagar ustelak saskitik apartatzen asmatu dutelako une larrietan: diru arazoak, «Montanier kanpora», txistuak, irainak eta sasi zikin guztien gainetik bide zuzenetik jo dutelako.
Aipamen berezia GARA eta bertan zintzoki, objektibotasun handiarekin eta ur handietan sartu behar izan denean murgildu eta non zer dagoen garbi azaltzen saiatu den Joseba Iturriari. Badiolaren garaian beldurrik gabe jokatu zuen salatu beharrekoa ozenki kanporatzen. Aurtengo ligan entrenatzailearen aurkako eraso bortitzak bezain injustuak izan direnean bakarrenetarikoa izan da egia azaltzen, denborak, puntuz puntu arrazoia eman diolarik. GARAko errekorteak albumtxo batean, kolorezko paperez eta lazoz bilduta oparitzea egokia litzateke.
Philippe Montanier badoa eta erabaki zuzena eta zentzuzkoa hartu du. Pairatu behar izan dituen irainak ezin dira ahantzi. Izan ere, lur hori lantzen aritu diren tertuliano, kazetari plumifero mordoxka bat gertu daude berriro ere, ahultasun txikienean, hautsez estalirik duten txingarrak haize emateko. Osasunaren aurka jokatutako partidaren ostekoa lekuko. Orain seko mututu dira. Baina mikrofonoak, tertuliak eta ordenagailuak pozoia dariola dituzte. Eta hori oso ondo daki Montanierrek, ez baita tontoa. Gainera, mesfidantza usaina daraman Realaren eskaintza baino askoz hobea jaso du bere jatorritik. Nire kuriositatea: nor izan ote zen «Montanier kanpora» esaten zenean, Aperribairi «Este entrenador nos va a dar mucha alegría» esan zion jokalaria. Esker mila, Philippe Montanier. Merci beaucoup pour tout.