Iñaki lazarobaster | EH Bilduko legebiltzarkidea Gasteizen
Famili Nekazaritza?
2014. urtea Famili Nekazaritzaren nazioarteko urte izendatu dute Nazio Batuek. Hasieran inpresio ona egin dezake izendapen honek, elikadura burujabetzaren bidean koka genezake, baina izendapen horren atzean dagoen horretan sakontzen joaten baldin bagara, ezusteko eta kontraesanak aurkituko ditugu.
Ekimen honen sustatzaileetako bat Munduko Landagunea da, EAJk nazioarteko nekazaritzan bere presentzia bermatzeko sortutako erakundea da hau. Azken egunetan Munduko Landagunea izendapen hau batean eta bestean zabaldu nahian dabil, ahalik eta babes gehien jaso eta oihartzun gehien eman nahian.
Mundu mailako irakurketak eta aldarrikapenak erosoak izaten dira sarritan, zehaztasun gutxikoak diren heinean, baina benetako zailtasunak gertura begiratzen hasitakoan aurkitzen dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begiratzen badugu, argi ikusten da EAJk azken 30 urteetan bultzatu dituen nekazaritza politikak agroindustriari zuzendutakoak izan direla. Baserritar eta herritarren arteko harremanak apurtu eta urrundu dituela nahita, horretarako diru laguntzak eta legeak erabilita. Baserritarren jarduna aktibitate batera espezializatu eta intentsifikatu du, baserritarra agroindustria, multinazional, banatzaile eta espekulatzaileen eskuetan salduta utziz.
Makina bat adibide aurki genitzake baina bakarra aipatuko dut, azkenaldian gero eta ozenago entzuten den ikastetxeetako jantokietan bertako produktuak bertan prestatuta bideratzeari Jaurlaritzak jarri zion debekuari. Den-dena goitik behera catering enpresen eskuetan utzia du, agronegozioaren alde, galtzaile nagusiak baserritar, arrantzale eta herritarrak bihurtuz.
Bestetik, harrituta geratu naiz 2014 Famili Nekazaritzaren nazioarteko urtearen webgunean babesle bezala Kaiku korporazioa aurkitu dudanean. Korporazio hau multinazional bat da: 2011. urtean 278 milioi euroko fakturazioa izan zuen, instalazioak ditu Espainia eta Frantziako estatuetan, Tunisian eta Txilen, eta mundu osora esportatzen ditu produktuak. Korporazioaren jabetzaren %66 Emmi multinazionalaren eskuetan dago, 2012an Jaurlaritzak eta Caja Rural de Navarrak beraien akzioak saldu ostean. Eta Emmi oraindik ere erraldoiagoa da, 3.000 milioi euro fakturatu zituen 2012an eta 5.000 langile ditu.
Zer da beraz Famili Nekazaritza? Ez dadila behintzat 2014a Famili Nekazaritzaren nazioarteko urtearen aitzakiarekin edozeinek bere etxearen aurpegia garbitu eta zuritzeko izan.