GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sakanan ere, atez ateko hondakin bilketari ekingo diote hilaren 27an

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Hilaren 27an ekingo diote atez ateko hondakinen bilketari Sakanako zortzi udalerritan (Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Iturmendi, Bakaiku, Urdiain eta Olatzagutian). Beste bostetan (Arakil, Irañeta, Ergoiena, Arruazu eta Ziordian), sistema misto batekin hasiko dira, eta hondakin organiko guztia bertan konpostatuko dute. Altsasun eta Irurtzunen, artean, orain arte bezala segituko dute.

Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorrek eta gerente Adolfo Araizek aurkeztu zuten sistema berria atzo Iruñean, eta nabarmendu zutenez, 2013an 45 parte-hartze bilera egin dituzte 28 herritan.

Agerraldian azaldu zutenez, 4.000 lagun baino gehiagok etxean egingo dute konposta, eta beste 2.000 inguruk auzokonpostaren aldeko hautua egin dute. Modu honetan, hondakinen %50 izatera iristen den hondakin organikoaren birziklapen tasa hirukoiztu egingo dela gaineratu zuten.

Konposta egiten ez dutenei organikoa etxean jasoko diete astelehen eta ostegunetan. Astearte eta ostiraletan ontzi arinak bilduko dituzte, asteazkenetan papera eta kartoia, eta larunbatetan errefusa.

Nabarmendu zutenez, sistema Sakanan prestatu eta bertako beharretara egokitu da, beste tokietan izandako esperientziak aztertu ondoren. Horiek horrela, 750.000 euroko aurrekontua izanda, bailarako enpresetan gastatu da %68a, langabeziak gogor astintzen duen eskualde batean lanpostuak mantentzen lagunduz.

Honekin batera, gauza bakoitza non utzi argitzeko hiztegi bat («abaniko» hitzetik «zuzenkia» hitzeraino) eta informazio material ugari prestatu dute Sakanan banatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo