Hizkuntza gutxituak irakaskuntza elebidunean ikasi eta irakasteko aukera legez onartu dute diputatuek
A.MANTEROLA |
Hezkuntza eraberritzeko legearen barnean irakaskuntza elebiduna jasotzeko aukera onartu du, behin betiko, Asanblea Nazional frantsesak.
Duela aste batzuk Senatuak aldaketa nabarmenak egin zizkion lehen saioan diputatuek onartutako 27-bis artikuluari. Estatu frantseseko hizkuntza gutxituetan ikasketak egiteko gurasoen oniritziaren derrigortasuna kendu eta bigarren hezkuntzan ikasgai guztiak hizkuntza horietan jasotzea baimendu zuten senatariek.
Hasierako testuak Estatuko hizkuntza gutxituen alde diharduten elkarte eta federazioak asaldatu eta protesta ugari eragin zituen. Orain, senatuak zuzendutako testua berriro bozkatu du Asanblea Nazionalak, eta hortaz, eskubide horiek legez aitortu ditu.
Vincent Peillon Hezkuntza ministroaren iritziz, aitzinamendu handia izan da. «Ahal genuen bezain urrun joan gara», adierazi zuen, datorren ikasturterako hizkuntza gutxituetako irakasleen kopurua nabarmen emendatuko duela agindu ostean.
Ildo beretik, hainbat eragilek beren poza agertu dute, esaterako Okzitaniako FELCO federazioak edota Ipar Euskal Herriko Ikas-Bi elkarteak.
Aitzinamendu eskasa
Alta, artikulu horrek ez ditu beste eragile edota hautetsi batzuk horrenbeste asebete.
Mar Le Fur UMPko diputatu bretoiak, esaterako, murgiltze ereduari buruz deus ez jaso izana deitoratu du. Diwan edo Seaska bezalako erakundeentzat «izugarrizko oztopoa» suposatzen duela uste du, «legeak ez dituelako metodo pedagogiko horiek kontuan hartu». Bere iritziz, gabezia hori gatazka iturri izan daiteke etorkizunean.
Kontseiluak lege berria oso «mugatua» dela deritzo, eta Seaskak ere ez zuen aurrerapen asko ikusi testu horretan.
Paul Molac UDBko diputatu bretoiak lege honekin egindako urratsa oso garrantzitsua dela badio ere, murgiltzeari dagokiolarik Konstituzioarekin egiten duen talka gogoratu du, eta diputatuei dei egin die Hizkuntza Gutxituen Europako Kartaren alde egin dezaten «blokeo hori apurtzeko».