Udaberriko Jaialdia Donostian
Molde zaharrak gogoratuz
Orain 200 urte bezala, bote luzean, pasakan eta laxoan partidak jokatuko dira Donostiako zenbait lekutan.
Jon ORMAZABAL
Pilotan tradizioak pisu handia izan duela, eta duela, esan ohi da. Tamalez, pisu hori ez da nahikoa izan garai batean ezagunak ziren zenbait joko molde gaur egun ezagunak izateko. Ezker paretako eskuaz harago, beste hamaika modalitatetan jokatu izan da gure herri eta auzoetako plaza eta pilotalekuetan, eta Donostian duela 200 urte jokatzen ziren moldeak bertatik bertara ezagutzeko modua izango da asteburu honetan.
Donostiaren erreketa, suntsipen eta berreraikuntzaren bigarren mendeurrena aitzakia hartuta, «Euskal Pilotaren Udaberriko Jaiak» ekitaldia antolatu du Alde Zaharra Kirol Elkarteak, Udalarekin eta Donostia Kulturarekin elkarlanean, eta 1813an Gipuzkoako hiriburuan jokatzen ziren pilota jokoak berreskuratuko dira.
Bote luzea, pasaka eta laxoa izango dira ekitaldi honen ardatza, baina hiru partida hauen inguruan, asteburu osoa beteko duten hainbat ekitaldi eta erromeria ere izango dira. Bai larunbatean, bai igandean hiriko erdialdean kalez kale ibiliko da Kresala eta Trumoiak elkarteetako kideek osatutako taldea, XIX. mendeko janzkerez, jaiari kolore bizia emanaz. Publikoari ere garaiko jantziz jantzita gerturatzeko gonbita luzatu diote antolatzaileek.
Egitarauari bihar goizean emango diote hasiera, Xabier Otaegi pregoilariaren eta Paco Sesmiloren irteerarekin. Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira jaia iragarriz.
Lehenengo pilota partida, ordea, arratsaldez jokatuko da, bostetan, Alderdi Ederreko zabaltzan. Nafarroa eta Gipuzkoako taldeak elkarren aurka arituko dira bote luzean. Baina partidak ere izango du beste berezitasunik, izan ere, Julio Soto eta Ane Labaka bertsolariak, garaiko erara jantzita, botilero lanetan arituko dira. Garaiko beste pertsonaia batzuk ere inguruan izango dira, hiriak nolabait denboran atzera egin dezan, 1813an kokatuz.
Partida hau amaituta, lehiaketa Trinitate plazako pilotalekura mugituko da, bertan pasakan arituko baitira, eskularru motzez eta eskuz, Baztango Laxoa elkarteko eta Oiartzungo Txost Elkarteko pilotariak. Aurrekoan bezala, botilero bereziak izango dira hemen ere, kasu honetan, Erika Lagoma eta Mikel Mendizabal bertsolariak.
Probatzeko aukera
Partida amaituta, pasakako barrenetera, eskuz, aritzeko modua izango dute kirol honetan proba egin nahi duten zale guztiek. Aiko taldearen erromeriak emango dio amaiera jaiari.
Igandea, diana eta deiaren ostean, udaletxearen parea berriz ere joko leku bihurtuko da eguerdian. Oraingo honetan, laxoa partida bat ikusteko aukera izango da, Baztan eta Malerreka elkarren aurka arituko direlarik. Amaia Agirre eta Jokin Sorozabalek egingo dituzte oraingoan botilero-bertsolari lanak, eta Xabier Euzkitzek eta Tiburcio Arraztoak aurkezlearenak. Jesus Mari Prim epaileak partida banderatxoz nola zuzentzen duen ere ikusgarria suertatuko da.
Arratsaldez, neska-mutilentzat barrenetara partidak jokatuko dira Trinitate plazan eta jaialdiari era berezi batekin emango diote amaiera; bere sotana eta guzti jokatuko duen apaiz pilotariarekin eskuzko desafio bat jokatuz.