GARA > Idatzia > Euskal Herria

kronika | sute simulazioa

Itxurazko tragedia diskotekan, teoria praktikara eramateko

Datozen lerroetan deskribatuko dugun egoera ez da erreala, simulazioa baizik, baina gerta daiteke. Horregatik da garrantzitsua aldez aurretik praktikatzea. Gipuzkoako Erizaintza Kolegio Ofizialak atzo fikziozko sutea antolatu zuen Donostiako diskoteka batean. Suhiltzaileek, anbulantziek, poliziek eta ehun erizainek hartu zuten parte 45 zaurituak artatzeko.

p016_f01.jpg

Oihane LARRETXEA

Larunbat gaua da eta Joy Slava dantzalekua jendez lepo dago. Gaua aurrera doa eta giroa aparta da: musika, edariak eta lagunarteko solasaldi eta dantzak. Argitzeke dagoen arrazoi batengatik, ordea, sutea piztu da aretoan. Segundo gutxiren buruan izua zabaldu da, kea bezala. Arnasa hartzea gero eta zailagoa da, eta ezer gutxi ikusten da. Dei batek ohartaraziko ditu anbulantziak eta suhiltzaileak.

Segituan heldu dira lehen erizainak eta suhiltzaileak. Dantzaleku barrutik neskato bat atera da laguntza eske, barrura sar daitezela eskatzeko; lehenago zonaldea segurua dela baieztatu behar da, ordea. «Zaurituak artatzea lehentasuna da, baina ezin da egin aldez aurretik lekuan bertan bestelako arriskurik dagoen edo ez ziurtatu gabe. Zer gertatuko litzateke suhiltzaileak ziurtasunik gabe sartu eta kea arnastuko balute? Laguntzera datozenek ezingo luketela lagundu», adierazi zuen Nicolas Gonzalez Larrialdietako Erizaintzan aditua izateko ikastaroko irakasleak.

Ezbeharraren lekua aztertu eta gero bai, orduan sartu ziren dantzalekura, gazteak erreskatatzera. Batzuek sua itzali bitartean, beste batzuek pertsonak lokaletik atera zituzten. Imanol Andonegi suhiltzaileak azaldu zuenez, lehentasuna pertsonak dira; ondoren sugarrak.

Hauek, larritasunaren arabera koloretan sailkatzen dituzte -prozedura horri «triaje» deitzen diote-, eta horren arabera artatuak dira pertsonak: berdeak, zauri arinak dituztenak; horiak larriago daudenak; eta gorriak oso larriak diren kasuak. Azken horiek dute lehentasuna. Beltzak ere badaude. Hauek hildakoak dira, edo hain larri egonik salbatzeko probabilitateak nuluak direnean.

Triajeak honako emaitza eman du: kea arnasteagatik intoxikazioak, zanpaketak eta traumatismoak diskotekaren barruan izandako jauzi baten eraginez. Zauritutako neska bat oso larri dago, barandatik behera erorita, metro batzuetako altueratik. Sei suhiltzaileen artean erreskatatu zuten, poleen bidez.

Tentsio uneak

Halako egoera larriez ari garenean, are gehiago diskoteka batean, askok gogoratuko dute iragan urriaren 31n Madrilen gertatu zen ezbeharra. Halloween festa hartan bost hildako eta dozenaka zauritu egon ziren jende oldeen ondorioz. Gertaera isolatuak dira, baina nola jokatu eta bakoitzaren funtzioa zein den jakiteko formazioa oso garrantzitsua da.

«Jakina ez dugula halakorik benetan gertatzea nahi, baina prest egon behar dugu», zioen Ion Landak. Erizaina da, eta aipatutako ikastaroa egin du Donostian. Atzo ere zaurituaren papera bete zuen; berdea zen bere kolorea.

Arantza Sanchez ere Gipuzkoako Erizaintza Kolegio Ofizialeko ikaslea da. Amaitzear dagoen ikastaroak larrialdi alorrean espezializatzeko balio izan diola esan zuen, etorkizunean ospitaleko larrialdi zerbitzuetan lan egin nahi baitu.

Betiere simulazioa zela aintzat hartuta, tentsio une asko ikusi ziren. Lagunak elkar besarkatzen ziren, falta zenaren izena oihukatuz, negar batean. Zaurituak baldin badaude zauriek dute lehentasuna, baina psikologoak ere beharrezkoak izaten dira, bai zaurituentzat, bai hauen senideentzat, tragedia bat asimilatzea oso zaila baita.

Tentsioa eta urduritasuna jendearen artean zabaltzea erraza denez, David Fernandez DYAko erizainak azaldu zuen «zaila izan arren, lasai egotea oso garrantzitsua» dela, zaurituei sentsazio hori igorriko baitzaie. Kontrako jarrera batek ez duela batere laguntzen dio.

Simulazioan parte hartzea bezain garrantzitsua da, Landaren iritziz, hurrengo egunean, alegia gaur, ikasgelan egingo duten errepasoa, guztia filmatuta baitago. Akatsak bilatzen dira eta banan-banan aztertu. Erantzun zuzenak ere egon badaude, ordea, eta horiek ere nabarmentzen dituzte.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo