GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko berri agentzia bat sortzearen beharraz iritzi ezberdinak aurrez aurre

p045_f05_97x92.jpg

A. ARRUTI | DONOSTIA

Bertako informazio agentzia behar al du Euskal Herriak? Galdera hori goiburu hartuta egin zituzten atzo Donostiako Koldo Mitxelenan euskal informazio agentzia sortzeari buruzko jardunaldiak, Alkartasuna Fundazioak antolatuta.

Aurretik izan dira agentziak sortzeko ahaleginak baina porrot egin dute denek. Atzoko jardunaldietan parte hartu zuten Ramon Zallok, Iñaki Uriak, Txema Ramirez de la Piscinak, Saül Gordillok eta Oskar Bañuelosek aldeko eta kontrako iritziak jarri zituzten mahai gainean. Bañuelosek azaldu zuenez, badira urte eta erdi proiektu berri baten sorkuntzan lanean ari direla. Kazetari honek beharrezkotzat jotzen du euskal agentzia bat, batez ere, agenda propio bat markatzeko eta agentzia hori EITBren baitan ikusten du, profesionalen kooperatiba bat sortuz.

Euskal Herriko zazpi herrialdeak hartuko lituzke barnean, baina errealitate hori ez dutela denek konpartitzen aitortu zuen. Euskara izango luke hizkuntza nagusi, ondoren frantsesa eta gaztelania eta baita ingelesa ere. Horrela, informazioa bertarako eta kanporako zabalduko litzateke. Informazio lokalari ere garrantzi handia eman zion, korrespontsal ugarirekin lan egiteko apustua eginez, sistema deszentralizatu baten bitartez.

Eguerdian egindako mahai-inguruan, ordea, bestelako iritzia plazaratu zuen adibidez, Txema Ramirez de la Piscinak. Bere ustez kazetari talde txiki eta prestigiodun batek osatu beharko luke agentzia eta eduki landuagoak eskaini: analisiak, elkarrizketa luzeak, erreportaje sakonak...

Bideragarritasuna ere jarri zen zalantzan, balizko bezeroak zeintzuk eta nahikoa izango ote liratekeen, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo