Urretabizkaia eta Etxegoien, protagonistak Liburu Azokan
Euskaraz ekoitziriko literatura nagusi izan zen Bilboko Liburu Azokak atzorako prestatutako egitarauan: Arantxa Urretabizkaiak jaso zuen liburu eskatuenak eta erakargarrienak nabarmentzen dituen Zazpi Kale saria. Fermin Etxegoienek, berriz, bere bigarren eleberria aurkeztu zuen, «Zinegotzia» (Erein). Arratsaldean, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio eta Mariasun Landa agertu ziren.
Alvaro HILARIO | BILBO
Zazpi Kale saria jaso zuen Arantxa Urretabizkaia, eta eleberri berria, «Zinegotzia» (Erein), aurkeztu zuen Fermin Etxegoien izan ziren, atzo, euskara nagusi izan zen egunean, Bilboko Liburu Azokako egitarauaren protagonistetako bi.
Arratsaldez eta «Geure geuretasunetik» titulupean garatu zen mahai-inguruan parte hartu zuten Miren Agur Meabe, Karmele Jaio, Mariasun Landa eta moderatzaile lana egin zuen Goizalde Landabaso kazetari eta idazlea zein «Bilbao Expediente 406» (Ediciones Beta) liburua aurkeztu zuen Amaia Manzisidor izan ziren gainontzekoak.
Zinegotziak eta mariak
Arantxa Urretabizkaiaren «Hiru mariak» (Erein) lanak jaso zuen libururik eskatuenak eta erakargarrienak saritzen dituen Zazpi Kale saria.
«Ez dut sariak jasotzeko ohitura handirik, baina honelakoetan gauza bi egin behar dira, saria eskertu eta laburra izan», esan zuen. Segituan, aitortu zuen liburua hau dela «satisfazio gehien eman» diona.
Erein argitaletxeko arduradun Inazio Mujikari egokitu zitzaion Fermin Etxegoien eta bere eleberri berria, «Zinegotzia», aurkeztea. Bere ustez, lan honekin Etxegoienek segitzen du «hemengo errealitatearekiko konpromisoari» eusten. Euskara, independentzia, euskal jendea eta familia harremanak jorratzen ditu liburuaren historia egun bakar batean garatzen da: 2013ko ekainaren 6an, hain zuzen. Hura dugu eskuineko zinegotzi bat berandu esnatu zen egunean, Euskal Herriaren independentzia bere eskutik etorri zen eguna.
Oñatiko idazleak «muturreko fabulaziotzat» jo zuen nobela hau, nahiz eta «era berean, egungo errealitatea» islatu, Zipreko krisialdia edota EAEko azken udal hauteskundeak bertan kokatuta daudelarik: «Honek eraman nau testua etengabe aldatzera», azaldu zuen Fermin Etxegoienek; izan ere, fabulazioaren eta errealitatearen arteko dialektika «nobelaren motorretako bat» dugu.
Hiru atal ditu liburu honek: «Pertsonaia sortu, eraiki eta mundura bota»; trama klasikoa non familia den protagonista; eta gertaeren berri ematen duena.