Dena kontrolatzen duen begia ez da metafora
Ostegunean «The Guardian» kazetak jakinarazi zuen George W. Bushek estatubatuarren telefono deiak espiatzeko abiatu zuen programa indarrean dagoela, Barack Obamak hari eutsi ez ezik, zabaldu ere egin zuen-eta. Obamaren Gobernuaren azalpena jakina zen: «terrorismoaren aurkako borroka». Atzo, berriz, «The Washington Post»-ek ezagutarazi zuen dokumentu sekretu baten arabera, AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) eta FBIk, milioika herritarren telefono deiak bezala, Interneteko bederatzi enpresaren zerbitzariak ere beren kontrolpean dituzte, haietatik igarotzen diren posta elektronikoetan, argazkietan eta bideoetan bildutako nazioarteko informazioa jasotzeko.
Programa horiek oinarri legala izateak, alegia herrialde bateko gobernuak abiatu edo baimentzeak ez die larritasunik kentzen, ezta kezkatzeko motiborik ere, herrialde horrek mundu osoan intimitatea eta eskubide zibilak noiz eta noraino errespeta daitezkeen erabakitzeko ahalmena beretzat hartu baitu, eta nahi duenean, eskubide horiek urratzekoa. Hartarako, denetarako balio dion aitzakia du argudio bakarra. Dena kontrolatzen duen begia ez da literatura bakarrik, ez da metafora hutsa: egiazkoa da, eta benetan deitoragarria dena, demokraziaren ezinbesteko zaindari gisa onartzea nahi du balio demokratiko gehien urratzen dituen Anaia Nagusiak.