Xabier Izaga | Kazetaria
Elkartasun eta eredu bitxiak
Ez dut esango nire katuak hitz egiten duela, baina ulertu egiten ditu nire azalpenak, teknikoegiak ez badira. Esate baterako, atzo goizean irakurri nuen PSEk egungo eredu autonomiko eta, beraz, Kontzertu ekonomikoa defenditzen duela; hala ere, PSOEko hainbat buruzagik Kontzertua desagertzea nahi dutela jakinda, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak beste zenbait autonomiari Kupoaren bidez diru gehiago ematea nahi duela, «elkartasunez». Adibide batekin azaldu nion katuari nola ulertzen dudan nik «elkartasun» kontzeptua: Kalean zehar noala, gizon bat hurbildu eta mesedez zigarro bat eskatuta, ematen badiot, nire ekintza txorakeria hutsa da; eman dezagun, ordea, ezetz esan diodala eta berak lepotik heldu eta mesedez-mesedez emateko diostala, «elkartasunez». Nik, ito beharrean, eman egin diot, jakina, zigarroa eta pakete osoa. Elkartasun ekintza da? Katuak ez zuen ezer esan, baina haren begiradak ezin argiago adierazi zuen: «Inondik inora ez, arrazoi osoa duk». Elkartasuna PSEko militanteek, Estatuko lurralde desorekak berdintze aldera, beren soldataren erdia ematea izango litzateke. Edo gehiago, nahi badute.
Ondoren, beste albiste bat irakurri nuen, Gobernu espainolak «terrorismoaren biktimen» balioak eskoletako liburuetara eraman nahi dituela. Gazteak «balio zibikoetan» hezi behar omen dira, ados, baina zergatik «Euskal Herriko gazteak batez ere»? Eta galdetzen hasita, zergatik «terrorismoaren biktimen» balioak bakarrik? Areago, biktima guztienak balira ere, zergatik eraman behar dira eskoletara haien balioak? Biktimen arretarako zuzendari Sonia Ramosek esandakoaren arabera, «eredu bat» direlako. Katuak mahaitik salto egin eta hanka egin zuen. Ez dut nik ukatuko batzuk hala direla, nire kaleko andre bat bezala -biktima ez bada ere, munduko justizia desoreka berdintzeko bere soldataren erdia ematen duena-, baina biktima izateak, edozein motatako biktima izateak, berez, ez du inor eredugarri egiten. Biktima guztiei sostengua eman behar die gizarteak, guztiz ados, eta errespetu osoa merezi dute (albaitariek bezala, dio katuaren begiradak, bere txokotik); alabaina biktima izateagatik ez dira ez hobeak, ez txarragoak.