harri-jasotzea | Marka ahalegina
Inaxio Perurenak 303 kilokoa bizkarreratu nahi du
Leitzarrak pasa den otsailean jaso zuen 300ekoa, eta orain hiru kilo erantsi, eta bihar eguerdian, 13.00etan, Leitzan beste marka handi bat lortu nahi du.
Jon LEUNDA
Inaxio Perurenak 303 kiloko harri errektangularra jasotzeko ahalegina egingo du bihar, 13.00etan, Leitzako Amazabal pilotalekuan. Helburua lortzen badu, pisurik gehien jaso duen hirugarren harri-jasotzailea litzateke, Mieltxo Saralegiren eta Iñaki Perurenaren atzetik.
Leitzar gazteak otsailaren 10ean lortu zuen 300 kilokoa jasotzea, eta oraingoan beste urrats bat egin nahi du. Behin tamaina honetara iritsita, aurrekoak beti kiloak banaka joan dira gehitzen, baina Inaxiok hiru gehituko dizkio, eta marka handi bat egin nahi du.
Hemendik aurrera udako erakustaldiak hasiko dira, eta horien aurretik helburua beteta utzi nahi du. Erronka ez du makala, baina etxean egiten duena besterik ez omen du egin nahi, nahiz eta gauzak asko aldatuko diren. Ez da berdina entrenamenduetan jasotzea, edo pilotalekua jendez beteta, denak berari begira daudela lortzea. Behin baino gehiagotan nerbioek ere eraso diote, baina konfiantzarekin joango da plazara, eta bere herritarren babesean marka handi bat utzi nahi du eginda.
300ekoa jasotzeko lehen ahaleginean huts egin ostean, denbora asko pasatu zen hurrengo ahalegina egin arte, baina bigarren horretan ere ez zuen lortu harria bizkarraren gainean berdintzea. Handik lasterrera egin nahi izan zuen hirugarren ahalegina, baina katarro batek atzeratu eginarazi zion bere asmoa.
Otsailaren 10ean, ordea, ez zuen hutsik egin, eta harria bizkarrean berdindu zuen. Marka hura egin bezain azkar esan zuen hurrengo helburuari begira jarriko zela, eta handik lau hilabetera dator hiru kilo erantsita. Tamaina horretako harriekin huts egiteko ez da asko behar. Oraingoz bere aurretik dituen Iñakik eta Mieltxok ere ez zituzten errekor guztiak lehen ahaleginean lortu. Orain arte, berarekin lau dira 300ekoa gainditu duten harri-jasotzaileak. Bere aita eta Saralegiz gain, Gibitegi ere harri handi hori jasota baitago.
Bihar Leitzara joaten direnek, ordea, ez dute Inaxioren ahalegina bakarrik izango ikusgai, jaialdi dotorea osatu baitute.
Harri jasotzen Joseba Ostolatzaren eta Isaak Martinezen arteko dema ere izango baita ikusgai, eta aizkoran, berriz, Jon Rekondoren eta Jon Irazuren arteko dema izango da, biak arituko baitira nor baino nor. Jon Rekondok pasa den astean jokatu zuen Urrezko Aizkorako finala, eta ongi agertuko da Leitzako pilotalekura. Jon Irazuk, berriz, pasa den urtarrilean jokatu eta irabazi egin zuen aizkora apustua, eta atsedentxo bat hartu ostean, berriro ere gogoz dator, hemendik aurrera izango diren txapelketei begira jarrita. Ikuskizun polita eskaini nahiko dute egun seinalatu honetan.
Herri kirol munduan azken urte hauetan zerbaitek indarra hartu baldin badu, hori taldekako giza-proba izan da. Bihar, 18.00etan, Aiako probalekuan jokatuko da Gipuzkoako lehen kanporaketa.
Aitzondo, Zizurkil eta Urretxu saiatuko dira final handian aritzeko txartela lortzen. Zortzi lagunez osatutako taldeak izango dira, eta Aiako harria erabiliko dute. Talde bakoitzak 20 minutu izango ditu lanean aritzeko. Proba hauek aspaldian ikusmin handia pizten dute, eta seguruenik ere Aiako probalekua jendez gainezka izango da bihar arratsaldean, eta ez da animaziorik faltako. J.L.
Inaxiok bihar bere helburua betetzen baldin badu, kilorik gehien jaso dituen hirugarren harri-jasotzailea bihurtuko litzateke, bere aitaren eta Mieltxo Saralegiren atzetik.
Orain artekoek honelako harri handiei kiloak banaka gehitu dizkiete, baina Inaxiok hiru gehituko dizkio. Bere asmoa etxean egiten duena plazan egitea baino ez dela nabarmendu du.