GARA > Idatzia > Kultura

1813. eta 2013. urteen arteko besarkada, argazkien bidez

Argazki zaharrak eta berriak nahasten dituen erakusketa jarri du martxan Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak Donostiaren suntsipenaren bigarren mendeurrena ezagutzera eman eta oroitzeko bideratutako ospakizunen barnean. Uztailaren 7ra arte ikusi ahal izango dira lanak.

p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak dokumentazio lan sakona egin eta Donostiako kaleetara eraman du lortutako emaitza, hiriaren suntsiketaren berrehungarren urteurrena oroitzeko asmoz. Napoleonen tropek egin zuten setioa ezagutzera eman eta gogora ekartzeko Udala bultzatzen ari den ekintza sortaren barruan dago «Bigarren mendeurrena» erakusketa. Kalean dagoenez, jada publiko ugari izan du, atzo inauguratuz geroztik.

Victoria Eugenia eta Maria Cristina pareko kalean, Argentinar Errepublika pasealekuan, Urumearen alboan kokatu dituzte panel handiak bertatik pasatzen den edonork hiriaren iragana eta oraina alderatu ditzan. Lan hauen originaltasuna erabilitako teknikan dago. Izan ere, elkarteko hogei kide inguruk lan handia egin dute fondo publikoetako argazki zaharrak aukeratu eta horiek egungo paisaian txertatzeko.

Uztailaren 7ra arte Donostiako kaleetan ikus ditzakegun irudiak egungo argazki eta duela bi mendeko argazkien batuketa dira, non Donostiako txokoak ageri diren, koloretan, eta garai bateko pertsonaiak zuri-beltzean utzi dituzten. Lan hauen sortzaileek diote argazkiak birmoldatzea ez dela nekeza izan; bai ordea, perspektiba berdina lortzea. «Argazki zaharra eskuan genuela gutxi gorabeherako puntu batean kokatu eta argazkiak ateratzen genituen, eta gero angelu eta objektibo zehatza aukeratu behar genuen».

Setioa baino, berreraikuntza

1813ko suntsiketa ezagutaraztea da erakusketa hau jartzeko arrazoia, baina transmititu nahi duten ideia ez da hori. Bretxan dauden bost argazkik soilik ematen dute setioaren berri -egungo argazkiak pinturarekin konbinatzen dituzte-; gainerako irudiek aurrera jarraitzeko gogoa eta hiriaren berreraikuntza dute oinarrian azken bi mendeetan donostiarren bizitza nolakoa zen kontatzeko. «Argazki bakoitza aitzakia bat da istorio bat kontatzeko», azaldu zuten. Hala, irudietan ikus ditzakegu emakumeak arropa garbitzen Urumean, inudeak haurrekin, hondartzako bainulariak, Belle Epoque-ko hiritar dotoreak, baita Realaren Atotxa estadioa ere, egungo jokalariak baloiaren atzetik korrika dabiltzala.

QR KODEAK

Argazki bakoitzak QR kode bat dauka, nahi duenak Internet bidez argazkiaren inguruko informazioa irakurri ahal izateko. Bertan biltzen dira garai bateko donostiarren bizimoduaren xehetasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo