Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Jesus Mari Lasagabaster
Ez nuen Jesus Mari Lasagabaster pertsonalki ezagutzeko plazera izan, eta hala ere gertuko sentitu izan dut beti. Zuzenean ez, baina zeharka ezagutzen nuen irudipena izan dut beti, haren lanaren zein hura ezagutu zutenen bidez. Unibertsitate ikasketak hasi nituenetarako aspaldi erretiroa hartuta zegoen Lasagabaster, baina haren lanaren berri heldu zitzaidan haren ikasle izandako Mari Jose Olaziregiren bitartez. Zenbait urte geroago, Lasagabasterren "La literatura de los vascos" (2002) aspalditik buruan bueltaka nituen hainbat ideia ordenan jartzeko arras lagungarria gertatu zitzaidan.
Oroimenak huts egiten ez badit, Roland Barthes-en harira¯teorialari frantsesaren "Le degré zéro de l'écriture" lanari buruz ari ginela uste dut¯aipatu zigun Olaziregik bere maisu izandakoa lehen aldiz. Behin esan zigunez, Lasagabasterrek iniziatu zuen arlo teorikoan, eta hari zor dio teoriari dion maitasuna eta errespetua. Nik, berriz, Olaziregiren bidez jaso nituen teoriari buruzko lehen irakaspenak, baina nolabait Lasagabasterrekin zordun sentitzen naiz. Nire maisuaren maisu izan ez balitz, auskalo zertan arituko nintzatekeen neu orain.
Agian literaturaren munduan arituko nintzen berdin-berdin, edo agian ez. Agian gurasoen ametsei jarraituz zuzenbidean jardungo nintzen, une honetan ekonomikoki askozaz bideragarriagoa den lanbidea, bide batez esanda. Hertzainak-ek abestu ohi zuenez, Euskadin rock & rollak ez du dirurik ematen, baina ezta literaturak ere (ez Euskal Herrian ezta handik kanpo ere). Baina garena gara, eta izan zirenengatik gara, horixe besterik ez zait burura etortzen une honetan.