GARA > Idatzia > Kultura

Euskal surflariak agerikoak izango dira Surfilm Festibaleko lehen film ofizialetan

Euskal Herrian surfak duen harrera onak eta gure kostaldetan sortzen diren surflariak aitzakia aparta dira kirol honen inguruko film ugari egiteko. Donostian ospatzen den Surfilm Festibalaren 11. edizio honetan hasi berri den sail ofizialean Aritz Aranburu, Indar Unanue eta Axi Muniain bezalako izenak ikusiko ditugu. Euskal kultura, orokorrean, sustatzeko xedea duen film bat ere badago, mundu osoan zehar euskaraz ikusiko dena.

p045_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Motorrak berotzen pare bat egun eman ostean, Surfilm Festibalak atzo eman zion hasiera sail ofizialeko filmen egitarauari, Donostiako Antzoki Zaharrean. Orain arte proiektatu dituzten eta gaur ikusi ahal izango ditugun pelikulen artean euskal izen ugari agertzen dira, Euskal Herrian surfa estimatua den kirola delako. Lehen egunetako programa ezagutzera ematearekin batera, jaialdiaren antolatzaileek jakinarazi zuten euren webguneak (www.surfilmfestibal.com), egitaraua eta saridunak iragartzeaz gain, publikoak filmak puntuatzeko ere balioko duela. Era berean, iraileko ostegunetan Trueba zinemetan surfa oinarri duten hiru emanaldi eskainiko dituztela ere iragarri zuten.

Hala, atzo Antzoki Zaharrean ikusi ahal izan zen lehen pelikula Aritz Aranburu surflariari buruzko film labur bat izan zen. Ondoren, «Chasing the swell» laburra eta «The Africa project» film luzea ikusi ahal izan ziren. Gauean mundu mailako estreinaldi bat aurkeztu zuten, alegia, Javi Muñoz Pacotwok zuzenduriko «Entre 2 mares». Bertan, Indar Unanue surflariaren istorioa kontatzen da 13 minututan. Izan ere, Unanue Formenteran bizi izan zen txikitan, eta egun Euskal Herrian bizi bada ere, handia da irlarekin duen harremana.

Pacotwok eta Unanuek kontatutakoaren arabera, zuzendaria surflariaren etxera joan zen behin, eta argazki bat ikusi zuen: haurra zela bere «aitaren lagun batek» egindako argazki bat zen. «Lagun hori Alberto Garcia Alix argazkilari ospetsua zen», argitu zuten. Euskal film laburraren ostean, Europa mailako bi estreinaldi ikusi ahal izan ziren: «Ode to California» eta «Drift».

Gaurko emanaldiak 18.00etan hasiko dira. Orduantxe, Gipuzkoako junior surf selekzioaren 2012ko denboraldia laburtzen duen bideoa ikusi ondoren, Australian filmatutako «Immersion» ikusi ahal izango da, estreinaldia hau ere bai. Hurrengo emanaldian, «Beyond the scars» laburra amaitzean, Craig Griffinek zuzenduriko «Unchanted Waters» filmaren aurrestreinaldia izango da.

Film laburren gaua

Jarraian, 22.30ean, film laburren sorta anitza proiektatuko dute. Guztietan lehena «Surfer ball» izango da, surfeatzeko gogoa duen baloi bati buruzkoa. Keinu jator honen atzetik musika, dantza, inprobisazioa eta surfa nahasten dituen «Step n' soul» pelikula eskainiko dute.

Hirugarren filma euskal kultura munduan zabaltzeko xedea duen «Homeland» lana da. Pasa den urtarrilean Korduroy TVko talde bat iritsi zen Euskal Herrira dokumental bat grabatzeko asmoz. Ekimen hau ikusirik, Etxepare Institutua eta Surfilm Festibala lanean hasi ziren Cyrus Sutton zuzendariari laguntza eskaintzeko. Honek surfa ez ezik natura, gastronomia, tradizioak eta artea ere bildu ditu bere grabazioan.

«Intersexxyon»-ekin jarraituko du emanaldiak, non minutu bateko hainbat filmen aukeraketa ikusi ahal izango den, eta honen ostean Imanol Sorazuk Zarautzen eta Hossegorren egindako hainbat saio laburtzen dituen «99 km» pelikula proiektatuko da.

Mundu mailako estreinaldia den «El gran lunes» (Iñigo Kintana eta Mikel Yarza) filmak Axi Muniain du protagonista eta Portugaleko kostaldera egindako bidaiaren berri ematen digu; denbora luzean itxaroten ari zen olatu handia hartzea lortu zuen eguna erakusten digu, baina baita «une gogorrak, familiaren hutsunea sumatzen dudanean», protagonistaren esanetan.

«This time tomorrow» izango da gaueko pelikularik luzeena eta azkena. Ekaitzak sortutako olatuen bila doazen bi surflariren abenturak jarriko dizkigu pantaila aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo