GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan | igorre

Igorreko jaiei hasiera eman zieten atzo, iazko bide arrakastatsuari jarraiki

Pasa den urteko jaietan erabilitako eredu eta ekimenek izandako harrera ona ikusita, aurtengo egitarauan gehienak berriz sartzea erabaki du Jai Batzordeak. Gozamenez zoratzeko hamar egun dauzkate aurretik.

p018_f02_148x092.jpg

Mikel PASTOR | IGORRE

Ikastolako gurasoen elkarteak botatako txupinazoak aurtengo Igorreko jaiei hasiera eman zien atzo. Egitarau anitz eta zabala prestatu du Jai Batzordeak, iazko ildo beretik tiraka. Pasa den urteko arrakasta ikusita, jai eredua eta zenbait ekimen berriro programatzea erabaki dute.

Oinarri ezagun horretaz gain, zenbait ekimen berritzaile izango dira, esaterako, datorren asteazkenean, hilak 12, eskoletan Arratiako produktuekin egingo duten herri afaria. Karmele Aurrekoetxea Jai Batzordeko kideak GARAri azaldu zionez, gisa honetako ekimenen bidez «herriaren inplikazioa bilatzen da, giro parte-hartzailea sortzea».

Egitarauari errepasoa eginez, Aurrekoetxeak herriko errugbi, eskupilota edota dantza taldeek antolaturiko ekintzak azpimarratu nahi izan zituen, «aurreko urteetan izandako inplikazioa mantendu dutelako». Kirol arloari dagokionez, spinning eta aerobic saioak ere antolatu dituztela nabarmendu zuen.

Ekimen gastronomikoek ere bere tokia izango dute egitarauan, eguraldiak laguntzen badu, behintzat. Tortilla, bakailao eta paella txapelketak egingo dituzte.

Kuadrillak, protagonista

Eta noski, Igorreko jaiez arituta, gazteen kuadrillei buruz hitz egin behar. Beste behin ere, «Olinpiada» berezietan parte hartuko dute dozenaka gazte prestuk. Atzo bertan «Karrokarreratloia» jokatu zuten. Errepidea, betikoa, baina ibilgailuak, bereziak: erosketak egiteko karroak. Aurten, gainera, gurasoek umeen kotxearekin ere parte hartu zuten.

Ekainaren 15ean «Mile Baietz» ekimen euskaldunaren bigarren edizioa egingo dute, Intxaurbizkarren eskutik. Auzokideen pieza txikiz osaturiko puzzlea eraikiko dute kultur etxean.

JUBILATUEN EGUNA

Jaien azken egunean, ekainaren 16an, ospatuko da, eta beti bezala, bizikleta lasterketa eta bazkaria izango da. Jaiei amaiera emateko, Beinke! merkatari taldeak txokolate jana prestatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo