GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Geure buruari argazki bat

Laurogeiko hamarkadako euskal zinemak badu xarma berezi bat, bereziki, garaiko gizon-emakumeen arteko sozializatzeko manerak azaltzen dituen horrek. Hori erakusten maisu izan zen Elias Querejeta. «Tasio» eta «27 ordu» izan daitezke horren adibideetako bi. Baita «Historias del Kronen» ere, berantiarragoa bada ere, 1995ekoa. Hirurak, Montxo Armendarizek zuzenduak eta Querejetak ekoiztuak.

Astelehen gauean besaulkian eserita, Martxelo Gomez, Maribel Verdu eta Antonio Banderas gazteei begira. Zer esanik ez Joseba Apaolaza eta Ramon Bareaz. «27 ordu» telebistan, eta gozamena begi aurrean. Hondoan, heroinaren arrastoa euskal gazteriarengan eta sozializatzeko modu ezberdin hori, sakelakoa, Facebooka eta Twitterra oraindik ezagutzen ez ziren Donostia herrikoiago batean.

Inbidia sentitu izan dut, hein handian, zenbait garaitan gizabanakoen arteko tratu horretan parte hartu ez izanagatik. Egun, ezkutuka bizi garen sentsazio zamatsua baino ez zait geratzen eta, zinemarekin, antzeko zerbait gertatu izan zait.

Hogei urte atzerago egindako filmeetara jotzeak kentzen dit, hein batean, noizbehinka datorkidan inbidia hori. Ezagutu ez duzun edo apenas gogoratzen duzun garai bateko nostalgia da film horien hondoan ikusten dudana. Atzera begirakoa, jaio aurreko urteak deskubritze aldera.

Garaiak aldatu dira, noski, eta horren eredu baita ere euskal zinemak hartutako norabidea. Konpromisoetatik istorio berriagoetara. Zilegi, noski.

Egun egiten ditugun lelokeria galantek ematen dute, ordea, film bat baino gehiagorako, baina agian geure burua ispiluaren aurrean ikustearen beldur ere bagara. Edo dagoeneko ez digu graziarik egiten gure ingurukoak nola bizi diren ikusteak, gu geu ere nolakoak garen begiratzeak. NANeko argazkietan bezala -sekula ez zaigu gustatzen emaitza nolakoa den- gizarteak ere klik txiki bat behar luke. Argazki bat, edo, erretratu bat, bere burua ikusi eta kokatzeko gai ez den gizarte leloagorik ez baitzait oraino bururatzen. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo