GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Gerraren logika

Batzuk Hezbollah-k gerra zibil honetan hartu duen garrantziarekin harrituta/asaldatuta daudela ematen du. Ez dakit zergatik

Goizegi izango da, akaso, Siriako gerra zibila amaitzear dagoela esateko. Baina oso faktore berriren bat -hori ez da inoiz baztertu behar Ekialde Ertainean- agertu ezean, ikusten da jada nola amaituko den: Al-Assaden garaipenarekin. Ez nuke esango, beste batzuek bezala, joan den astean amaitu den Al-Qusayr-eko bataila «gerraren une erabakigarria» izan denik; baina bai iniziatiba estrategikoa noren esku zegoen eta dagoen argi erakutsi duela. Eta lehendik ere irabazten ari zirenak are irabazleago direla Al-Qusayrren ere irabazi ondoren. Eta alderantziz, galtzaileei dagokienez. Libiakoaren ikaskizunak zuzen samar atera dituzte batzuek, eta oso oker besteek.

Hezbollahren laguntzarekin al-Assaden armadak Libanoko mugako hiri hori berreskuratu ondoren, arrapaladan ari dira zertzen ondorioak: Homseko eskualde erabakigarrian Siriako Armada Askeari geratzen zitzaizkion gotorlekuak erabat suntsituta geratu direla ematen du, eta Damasko-Homs-Hama-Tartus-Latakia korridore guztia bere esku du Gobernuak. Beraz, mendebalde osoa, hau da, kostaldea eta Libanorekiko muga kontrolpean du, erresistentzia guneren bat salbu. Alor militarrean, horren balioa guztiz funtsezkoa da.

Hortik aurrera, erabaki egin beharko du Al-Assadek: ea iparraldean Turkiarekiko mugan erreboltariei geratzen zaizkien gune garrantzitsuak (Idlib eta Alepo aldean) berreskuratzeari lehentasuna ematen dion, ala hegoaldean Golanen eta Jordaniarekiko mugakoetara jotzen duen. Eta erabaki duela ematen du: Alepo eskualdea berreskuratzeko operazio handi bat hastear dela iragarri dute hedabide ofizialek. Bi milioi biztanleko hiria da Alepo, eta egoera oso nahasia da bertan une honetan: auzo batzuk matxinatuen eskuetan daude eta besteak Gobernuaren mende; hiriaren ingurumariak, berdintsu. Al-Qusayrreko gogortasunarekin izango balitz borroka, aspaldian munduan ikusi den triskantzarik latzenetakoa ikusi beharko genuke. Baina horretarako, egun dutena baino askoz laguntza logistiko handiagoa beharko lukete matxinatuek.

Batzuk Hezbollahk gerra zibil honetan hartu duen garrantziarekin harrituta/asaldatuta daudela ematen du. Ez dakit zergatik. Esku hartze horri duela hamabost egun Nasrallah buruzagiak eman zion publikotasuna izan liteke deigarri samarra, gehienera; bere oinarri sozialari argibideak eskaintzearren ari zela esango nuke. Gainerakoan, Hezbollah esku hartzen ari zen lehendik ere, isilka bederen. Arrazoiak, batzuk, guztiz agerikoak dira: Hezbollahk ezin du bere aliatu eta hornitzaile nagusia erortzen utzi. Aldiz, Al-Assadek Hezbollahren milizia txiki baina txit diziplinatu eta entrenatuaren premia larria du, bestelako infanteria seriorik ez baitu: Shabihako matoiek aurkari zibilak izutzeko balio izan dezakete, baina kalez kaleko gudu militarrerako ez. Bestelako arrazoi batzuk ezkutuagoan gera daitezke: Iranen presioa, demagun, berak oso zuzenean esku hartu gabe Al-Assadi laguntza erabakigarria emateko. Edo Hezbollahren miliziak berak duen «benetako entrenamendu» beharra...

Gerra bila joan dira batzuk, eta gerraren «logika» nagusitzen ari da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo