GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Garai berria, jarrera zaharra: Estatuaren «ekarpena»

Atzo Andoainen eta Urnietan atxilotu zituzten bi lagunak inkomunikatuta eraman zituen Guardia Zibilak. Giza eskubideen arloko zenbait erakundek, NBE barne, behin eta berriz Estatu espainolari gomendatu diotenari muzin eginda. Berriz ere, hainbat hamarkadatan egin izan duten bezala, atxilotuak tortura eta tratu txarrak jasateko arriskuan jartzen dituen neurriaren pean dituzte. Operazioa agindu duen epaileak erabakiko du tortura prebenitzeko protokoloa aplikatu edo ez, eta bigarren kasuan, tortura arriskua handiagoa izango da. Esan bezala, Euskal Herrian horrelako gertaerak ez dira berriak, baina bai gero eta ulertezinagoak. Herritar gehienek jarrera eta, beraz, jokaera berriak espero dituzte, garaiaren araberakoak, hain zuzen. Bakerantz egiteko garaia da, baina atzo bezala egunero ere ikusten denez, oraindik ez da bake garaia. Denen arteko konponbide arrazional eta justua aldarrikatzen dutenak, euskal herritar gehienak, alegia, ibiltzen hasi dira bake bidean, batzuek urrats sendoagoak eta bestetzuek pattalagoak eginez, baina Estatu espainolak, uzkurkeriatik askoz harago, urrats horiek egiten ari direnak zangotrabatzea du betebehar nagusi. Hori da haren bake plana, garai berrira egiteko prest dagoen «ekarpena». Haren aurrean, herri honen borondatea argia da, baina bakeraino oraindik badago ibili beharreko bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo