GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ibon Fernandezen euroagindua ebatziko dute ekainaren 18an

GARA | PAU

Paueko auzitegiak datorren ekainaren 18an erabakiko du Ibon Fernandez Iradi euskal preso politikoa kondena betetzera espainiar Estatura entregatuko duen ala ez. Estatu frantziarrak 30 urteko kartzela zigorra ezarri zion donostiarrari 2009an egindako epaiketan.

Auzitegi Nazional espainolak Fernandezen aurka aurkeztutako bi atxilotze euroaginduak aztertu beharko ditu, beraz, Paueko auzitegiak hilaren 18tik aurrera.

Dominique Jeol fiskalak Fernandez kartzelan mantentzeko eskatu zuen atzo, kondena amaitzean espainiar Estatura entregatua izan dadin. Euskal presoaren abokatu Maritxu Paulus Basurcok, bestalde, euroagindua onartzen bada, donostiarraren askatasuna eskatuko duela iragarri zuen.

Etxerat presoen senideen elkarteak joan den asteko komunikatu baten argitu zuenez, Fernandez, Lannemezaneko espetxean dago esklerosi anizkoitzak jota, eta tarteka tratamendua jasotzen ari da Tolosako (Okzitania) ospitalean.

Basurcok argudiatu zuenez, Auzitegi Nazionalak bidalitako atxilotze aginduetan Fernandezi leporatzen zaizkion zenbait ekintza ez dira ondo zehazten. Era berean, zenbait «inkoherentzia» eta «data nahasmenak» agertzen direla gaineratu zuen. Horrenbestez, agindua ez onartzeko eskatu zion auzitegi frantsesari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo